Domekan, Memoria Eguna

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko urr. 6a, 09:30

Antzeztutako bisita gidatua iragarri dute Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Kultur elkarteak etzirako. Jarraian egingo dituzte lore-eskaintza eta aurreskua 36ko gerrako biktima zibilen omenez Salbador ermitan dagoen oroitarrian.

Egunotan betetzen dira 87 urte Intxortako frontea ezarri zela eta domekan egingo dute Memoria Eguna Elgetan. Aurreko egunotan liburu bat eta ikus-entzunezko bat aurkeztu dituzte bai Angiozarren bai Elgetan.

Liburua Iñaki Arenazak idatzi du eta Angiozar 1936. Gerrateko kontuak du izenburua. Ikus-entzunezkoa, berriz, Itziar Juaristik, Lorea Elorriagak eta Irati Alvarezek sinatzen dute eta Beste aldea. Gizona ez den hori du izena. Bai bata zein bestea Intxorta 1937 kultur elkartearen zein Elgetako Udalaren bitartez lor daitezke.

Domekan ekitaldi gehiago

Etzi, domeka, izango dute amaiera urriko memoria ekitaldiek. 11:00etarako antzeztutako bisita gidatua prestatu dute elgetarrek.

"40 bat lagunek hartuko dute parte", azaldu du Intxorta 1937 kultur elkarteko kide Nerea Villak. "Errekreazio tailerra egin dugu aurten eta zortzi bat lagunek hartu dute parte. Gainerakoan, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat boluntariorekin egingo ditugu domekako antzezpenak". Lubakikoak elkarteko kideak ere izango dira tartean.

Antolatzaileek aurreikusten dute antzeztutako bisita gidatuak hiruzpalau orduko iraupena izango duela. Mendizaleen plazatik abiatuko da eta bederatzi antzezpen gune izango ditu. Lau,hasierakoak, plazaren bueltan kokatuko dira. Gainerakoak, Zaldunbordako bidegurutzean, Asentzioko ermitan, Asentzioko lubakietan, Belga posizioan eta Salbador ermitan izango dira.

"Bisitariek, besteak beste, ezagutuko dituzte Elgetako sektoreko burua izan zen Eduardo Urtizberea, errepublikari leiala izan zen Migel Eskoin guardia zibila eta Bergarako defentsa batzordeko delegatu izan zen Jose Bengoetxea. Horrekin batera, CNTko eta Alderdi Komunistako kideak, babes bila Elgetara heldutako errefuxiatuak, ospitaleko medikuak eta erizainak, Loiola batailoiko gudariak, soldatu karlistak eta falangistak..."

Fronteko alde bietako protagonistak antzeztuko dituzte 1936ko erasoaldietako gertaerak bisitariei azaltzeko. "1936ko urriaren 3ra kokatuko ditugu bisitariak, eta antzeztutako bisita gidatuan ikusiko dute frankisten erasoaldirako prestatzen ari den herri bat", aurreratu du Villak. Bisita gidatuan parte hartzeko izena eman behar da. Hainbat bide daude horretarako: udala@elgeta.eus, infoturismo@debagoiena.eus eta 943 76 80 22.

Amaitutakoan aurreskua eta lore-eskaintza egingo dituzte Salbador ermitaren parean dagoen oroitarrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak