Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta izan zen atzo Elgetan Gari. Ordubete pasatxoko saioa egin zuen bakarkako formatuan –Gibson gitarrarekin–, eta pop kanta ederrak eskaini zituen elgetarrendako ere musika emanaldi baterako berria zen espazio batean. Hain zuzen ere, antolatzaileek Emakume Erresistenteen Plazan egokitu zuten aire zabaleko agertokia eta eguraldiak lagunduta giro eta konexio polita sortu ziren musikariaren eta entzuleen artean. Plaza berri bat kulturarendako.
Zentratuta dago Gari. Indar sortzaile handiarekin eta aurrera begira. Natural eta lasai aritu zen Elgetako entzuleen aurrean. Bakarkako formatuan gustura aritzen dela dio eta nabari zaio. Esperimentatzen ari den formatua dela dio, eta ondo doakio.
Elgetako emanaldian jo zituen, besteak beste, Zaharra zara Bilbo, Amapola, Amets, Bizitzak edo Esperantzara kondenatuak. Primiziarik ere eman zuen Garik; izan ere, hurrengo urtean aurkeztu nahi duen proiektu berriko kantu bat jotzera animatu zen. Azaldu zuen Karmele Jaiorekin batera idatzi duela. Hemen duzue entzungai.