Zer entzungo dugu gaurko saioan?
Modu biluzian azalduko den artista bat.
Eta ze errepertoriorekin zatoz?
Ez dut kantu zerrenda osatu oraindik –martitzen gaua–, baina estudioan grabatutako azkeneko bi diskoetako kantuak izango dira oinarri, eta baliteke, beldurrak uxatuz gero, kantu berriren bat ere izatea.
Izango da nostalgikoendako tartea?
Nor elikatzen du nostalgiak? Egun argitsuak izaten dira, beste batzuk zakarrak, ezertan geratzen direnak ere... Elgetako saioan nire asmoa da nire barruarekin bat egitea da, libre sentitzea, hitz eta doinuak beste espazio batera eroatea.
Kontzertu "intimoa" iragarri duzu.
Intimitate hori jantziak ematen du, eta kasu honetan ia dena bistan izango da. Eszenatokian bakarrik agertuko gara Gibson gitarra akustikoa eta neu.
Donibane Garaziko gaztetxeak antolatuta kalean egindako kontzertua ikusi dugu sare sozialetan. Gustura zabiltza azkenaldian halako formatuko emanaldiak egiten?
Garaziko gaztetxeko gazteek leku ezin hobea dute kontzertuak egiteko herriko karrika nagusian. Inguruak badu magia berezia. Memorian gordea dut udan emandako saio hori. Espeziala! Gero eta gusturago sentitzen naiz bakarkako formatuan. Publikoarekin sortzen den komunioa guztiz zuzena da, bestelako saioetan ezin lortu dena.
Formatu hori ere esperimentatu nahi duzu, orduan?
Gizakiok helburu batzuk ditugu gure bizitzaren ibilbidean, eta horien artean garrantzi handia duena norbera libre sentitzea da. Espresioa momentuko gauza izaten da, eta zuzenekoan arriskuak sortzen dira. Egoera horietan gustura sentitzen naiz. Inperfekzioak maite ditut.
Ruper Ordorikari entzun izan diogu taldean defendatzen diren kantuak bakarka defendatzeak baduela zentzua. Iritzi berekoa zara?
Kantu baten prozesu naturala alderantzizkoa da. Bakarka idazten ditugu gitarra edo beste instrumentu batekin eta, behin forma bat duenean, talde lanarekin osatzen dugu. Gure tradizioan –musika herrikoia– oinarrizkoa da kantu bat gitarra soilarekin eustea; gaur egun, tradizio hori baztertuta azaltzen zaigu, teknologiak beste arau batzuk jarri dituelako musika idazterakoan.
Eta zure errepertorioan badaude kantuak bakarka jota irabazi egiten dutenak?
Esango nuke planteamendu ezberdina dala; bakarkakoan, kantuak bizirik eta libre dira nire ustez. Ez daude partituraren menpe, tenpoa-erritmoa-fraseoa... Den-dena hautsi dezaket espresioa indartzeko, eta, nahiz eta nekeza izan, merezi du bizitasun hori sentitzea.
Elgetan izan zara Hertzainak taldearekin plazan, Gari moduan Espaloian, Gari eta Maldanbera taldearekin ere bai... Zatoz milaka lagunen aurrean jotzetik eta zatoz herri txiki batera. Eskaintza diferentea izaten da horrelakoetan?
Maite ditut gure herri txikietako plazak, bertan herri mailako belaunaldi ezberdinak batu ditzakegulako eskaintzen ditugun doinu eta hitzekin disfruta dezaten. Herri txikietan, modu sinplean eta biluzian azaltzen naiz. Sarri desentxufatuta jotzen dut publikoaren artean, gure artean barrerarik ez izateko eta kantatzen ditudan istorioak modu zuzenean iristeko. Batere aditiborik gabe.
Zer da halako zuzenekoetan eskaini nahi duzuna?
Ordubeteko saioa igaro ondoren publikoa hobeto sentitzea, jendearen barruan galdera berri batzuk izatea, eta une batzuetan zirrara bat ere sentitzea.