Hamasei neska-mutikorekin ireki dute ikasturtea ludoteka zerbitzuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 18a, 11:00

Neska-mutiko taldea ludotekan aurreko aste hasieran. (Iturria: Elgetako ludoteka)

Gaur astebete zabaldu zituen ateak ludoteka zerbitzuak eta 2-10 urte arteko hamasei erabiltzailek egin dute honezkero ikasturte osorako bonua. Ateak zabalik jarraitzen du. Urtarriletik ekainerako, hilabeteko zein hamar eguneko bonuak daude.

Itzuli dira ume algarak ludotekara. Zerbitzuak aurreko astelehenean zabaldu zituen ateak. Lau erabiltzailek inauguratu zuten ikasturtea. Biharamunean zazpi izan ziren eta poliki-poliki taldea handitzen doa. Eguraldia lagun, inguruko jolas-parkeetan igaro dituzte lehen arratsaldeak, baina lainoak gailendu direnean barruko ekintzak izan dira gehiago. "Harizko eskumuturreko asko egin ditugu. Sormena lan- tzeko jolas librean ere asko ari- tu dira; oso gustuko dute oihalekin txabolak egitea", azaldu du Nerea Villa hezitzaileak.

Hamalaugarren ikasturtea

2009an inauguratu ziren Torrealdeako haur eskola, ludoteka eta gaztelekuko instalazioak. Beraz, hamalaugarren ikasturtea du ludoteka zerbitzuak. Hamar bat daramatza hezitzaile lanetan Nerea Villa elgetarrak. "Aldaketa handiak egon dira. Alde batetik, materialetan, programazioan...". Oraindik ere Internet konexioa falta dela azaltzen du, baina aldea nabaria dela.

Umeei dagokienean ere sumatu ditu aldaketak. "Hitz egiteko tonua askoz ere lasaiagoa zen orain hamar urte. Orain, gehienetan, oihuka egiten dute eta entzutea ere asko kostatzen zaie". Ohartu da, baita ere, umeek geroz eta eskolaz kanpoko ekintza gehiago dituztela.

Garrantzitsua deritzo elkarlaguntza, sormena, naturarekiko atxikimendua, autonomia eta emozioen kudeaketa lantzea. "Antzerkia oso lagungarria da, eta ahal den guztietan egiten ditugu kanpoko ekintzak. Sasoiaren arabera irteten gara masustak edo pinaburuak batzera, zapaburuak ikustera, inguruko parkeetan jolastera...".

Difusio talde batekin komunikatzen da familiekin egunerokoan, eta aurten ere berdin egingo duela azaldu du. Herria txikia da eta komunikazioa oso gertukoa.

Umeendako euskarazko aisialdi hezitzailea

Elgetako Udalak kudeatzen du ludoteka zerbitzua. "Herriko haur eta familientzat zerbitzu oso ona dela uste dugun heinean, mantentzeko apustu garbia egiten dugu", adierazi du Maialen Arnedo alkateordeak. "Euskara, kulturartekotasuna, berdintasuna eta iraunkortasuna dira zutabe. Bestalde, zaintzaren garrantzia sustatzen dugu: norbere buruaren zaintza, elkarren zaintza eta azaldu bezala, ingurumenaren zaintza".

Beti bezala 16:00etan umeak eskolan jasotzeko aukera mantenduko da ikasturte honetan ere. "Izen-emateen arabera, beharrezko hezitzaile guztiak jarriko dira zerbitzuaren kalitatea bermatzeko. Epe laburrean bigarren begirale bat jartzea aurreikusten dugu", esan du Arnedok.

Bestalde, "zerbitzuaren egonkortasuna eta kalitatea bermatzeko pentsatuta daude izen-emate motak, beharrezko langileak izan daitezen beti, eta noski, aldi berean, familien beharrak ahalik eta ondoen erantzun daitezen". Hobariak eskatzeko udaletxean egin behar da eskaera. Familia osoaren errentaren azken aitorpena aurkeztu behar da justifikatzeko.

Izen-ematea zabalik

Ludoteka zerbitzua martxan da, baina izena emateko aukera ikasturte osoan zehar dago zabalik. 2-12 urte arteko umeendako zerbitzua da eta ekainera bitartean astelehenetik barikura egongo da zabalik, 16:00etatik 19.00etara. Prezioak dira: ikasturte osoa 280 euro, urtarriletik ekainera 180 euro, hilabetea 40 euro eta hamar eguneko bonua 40 euro. Errentaren arabera %90erainoko hobariak daude. Interesatuek, udala@elgeta.eus helbidearen bitartez egin dezakete izen-ematea edo eska dezakete informazioa.

Ludotekaren espazio berean dago Elgetako gaztelekua. Udaletik jakinarazi dute urrian bilera batera deituko dituztela herriko gaztetxoak beraien nahi eta beharrak ezagutzeko, eta honela, horiei erantzun ahalik eta egokiena ematen saiatzeko.

Nerea Villa hezitzailea eta Elgetako alkateorde Maialen Arnedo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak