Ur saneamenduko lanak egingo dituzte Arantzeta auzoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ira. 4a, 09:38

Elgetako udalbatzako kideak uztaileko osoko bilkuran.

Elgetako Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak adostutako akordioaren bitartez gauzatuko dira lanak. Baserritarrek sarera lotzeko aukera izango dute; oraingoz, bakarrak agertu du interesa. Udalak ordainduko du inbertsioaren %66.

Uztail amaieran egindako osoko bilkuran udalbatzak ahobatez onartu zuen Elgetako Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Arantzeta auzoan ur-hornidura lanak egiteko adostutako hitzarmena. Lanen esleipena egiteke, bi erakundeek duten aurreikuspena da 113.623 euro inguruko inbertsioa suposatuko dutela lanek. Adostutakoa da Udalak ordainduko duela %66; hau da, 75.000 euro inguru.

Ibon Unzetabarrenetxea alkateak azaldu zuen aurreko korporazioaren urteetako lanaren ondorioz heldu dela akordioa. Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren hasiera bateko baldintza zen behin lanak eginda auzoko baserri guztiak lotzea ur saneamendu sarera. "Aldiz, bik bakarrik eman zuten baiezkoa". Negoziazioek luze jo dute eta azkenean adosturiko gastu banaketa hitzartu dute bi erakundeek. "Aukera hau aprobetxatu behar dela uste dugu", esan zuen alkateak.

Asmoa da Arantzeta auzoan egingo den instalazioak aukera ematea etorkizunean sarera lotu nahiko luketen baserriek horretarako aukera izatea. Udal arduradunek azaldu dute oraingoz Arantzeta baserria izango dela sarera lotuko den bakarra.

Oposizioak hitzarmenaren aldeko botoa eman zuen. "Halako proiektuen alde gaude eta aldeko botoa da gurea, baina baditugu hainbat kezka edo zalantza", adierazi zuen Mikel Larreak. "Instalazioa egiteko lurrak Udalak jarriko dituela da konpromisoetako bat. Lur publikoak edo pribatuak dira? Zelan gauzatuko da lursail horien eskuratzea?". Horrekin batera galdetu zuen ea badagoen gainerako auzoak kontuan hartzen dituen proiektu integralik. "Etorkizunean egon daitekeelako interesatuta beste auzo bat eta eskubide berdina eduki beharko luke. Ez dakigu Gipuzkoako Ur Kontsortzioak formula hau berriz erabiliko lukeen".

Udal idazkari Gotzon Goikoetxeak esan zuen berak dakiela ez dagoela plan integralik, baina formula berdina erabili zela Artekaleko urak bideratzeko proiektua egiteko. Ibon Unzetabarrenetxeak esan zuen ulertzen zituela kezka horiek guztiak, eta ez zekiela zehatz lursailak zeintzuk diren. Gehitu zuen interesatutako beste auzorik balego lehenengo eskaera egin beharko lukeela. Aukera hori ez dagoela itxita azaldu zuen.

Izendapen aldaketak

Gainerakoan, jeltzaleen eskaeraz hainbat aldaketa daude agintaldiko lehen osoko bilkuran egindako kargu banaketan, esanguratsuena Bideberri Mankomunitatearekin lotutakoa da. Ibon Unzetabarrenetxea eta Saioa Alberdirekin batera Mikel Larreak osatzen zuen Elgetako ordezkaritza erakunde horretan. "Nik eraman behar ditut Bideberriren diru kontuak hemendik abendura arte eta ez da logikoa aldi berean juntakide izatea. Kargu bateraezin arazoak ikusten ditut", azaldu zuen. Gainerako ordezkari jeltzaleak denboraz larri ibiliko direla iritzita ordezkaritza hori EH Bilduko kide batek betetzea adostu dute, eta Maialen Arnedo izango da. "Zintzotasunez jokatzea lehenetsi dugu", esan zuen Iker Lakak. "Eskertzen diogu gobernuari kargua eskaintzea. Aurrerago hitz egingo dugu".

Euskararen inguruko mozioa

Jeltzaleek aurkeztuta, udalbatzak ahobatez onartu zuen udalei euskara hutsean aritzea eragozten dien Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurkako mozioa. Elgetako udalbatzak kezkagarritzat eta larritzat jotzen du sententzia, eta bat egiten du euskalgintzako eragileek azaroaren 4rako Bilbon deituta mobilizazioarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak