Udaren etorrerarekin batera, Elgetan udalekuei orain hiru aste ekin zieten. Guztira, lau aste iraungo dute, eta ehun bat umek eman dute izena. Aurtengo gaia Itsasoa da, eta zortzi hezitzailek dihardute udalekuen egunerokotasuna koordinatzen.
Momentura arte, ez du zorte handirik izan eguraldiarekin, baina horrek ez die eragotzi tankera askotariko ekintza eta txangoak egitea. Esaterako, apar festa atzeratu egin behar izan zuten eta ur putzuak egun bakar batean kokatu zituzten. Nerea Villa hezitzaileen koordinatzailearen hitzetan, udalekuak martxa onean doaz. Karramarroak arrantzatzera joan ziren eguna bereziki arrakastatsu bezala baloratu du koordinatzaileak: "Umeak oso pozik ibili ziren karramarro artean; uste genuena baino hobeto irten zen". Ohiko ur jolasei, herri kirolei eta apar festari, herriko eskolan egingo den gaubeila gehitu zaie.
Gazteen ekarpenak
Aurtengo berritasunetako bat Oinherriren aholkularitzarekin batera herri hezitzaileek diseinatutako prozesu parte-hartzailea izan da. Gazteei aisialdi pertsonalizatuagoa eskaintzera bideratutako egitasmoa da. Kepa de Vega Hezkuntza zinegotziak proiektu berri honen onurak nabarmendu ditu: "Funtsezkoa da gazteei ahotsa ematea; azken finean, haientzat dira udalekuak". Xedea jende berria erakartzea dela aitortu du, eta oso pozik azaldu da udalekuek orain arte emandakoarekin.