Amaitu da ikasturtea, eta hemen dira udalekuak. Zerbitzuak astelehenean zabaldu zituen ateak, eta zaintza zerbitzua ere eskaintzen du. Lau aste iraungo dute udalekuek, eta ehun bat umek eman dute izena. Zortzi hezitzaile ari dira bertan.
Aurtengo gaia Itsasoa da, eta nabari da hori taldeek hartu dituzten izenetan: Dortokak (HH 2 eta 3), Arrainak (HH 4 eta 5), Itsas-zaldiak (LH 1), Olagarroak (LH 2), Marrazoak (LH 3 eta 4) eta Baleak (LH 5 eta 6).
Askotariko ekintzak
Oinherriren Herri hezitzailea programan sartu da Elgetako Udala aurten, eta lehen ekimenetako bat izan da udalekuetako ekintzak programatu aurre- tik umeei iritzia eskatzea. Es- kolaren eta liburutegiaren bi- tartez egin da galdeketa, eta erantzunak kontuan hartu dira programazioa egiterakoan.
Ekintza nagusienen artean nabarmentzen dira hilaren 6an egitekoa den bits festa, hilaren 14an Mutrikura egitekoa den irteera eta hilaren 20an nagusienekin Asentzion egitekoa den gaubeila.
Nerea Villa da hezitzaileen koordinatzailea, eta azaldu du azken asteko programazioa osatzeko beste kontsulta bat egingo dietela umeei. Partaidetza-prozesu horrek emandakoa kontuan hartuko dute hezitzaileek ekintzak antolatzeko orduan.
Aste honetan, eta udalekuak hasteko, hurbilean dauden baliabideak aprobetxatu dituzte irteerak egiteko. Martitzenean, esaterako, Asentzion izan ziren txangoa egiten, eta arrantzan ere egin zuten. Atzo, berriz, buruhandiei ongietorria egiten izan ziren udalekuetako umeak.