Eguenean, Mozorro Egunean, hasiko dituzte jaiak, buruhandiei ongietorria eginda, 12:00etan. Arratsaldean, aldiz, ofizialki hasiko dituzte, jaiak mozorro jaitsierarekin. Alkate txikiak izango du bidea zabaltzeko ardura: dagoeneko eskolan egin dute bozketa LHko seigarren mailakoen artean, eta aurtengo jaietako alkate txikia Izei Arizmendiarrieta izango da. Aginte-makila hartuko du ordu batzuetarako.
Umeen Eguneko bazkaria
Barikua izango da Umeen Eguna. "Betiko lekuan jarriko dituzte bost jolas", azaldu dute udal ordezkariek. Udalak ordainduta izaten dira umeen eguneko puzgarri eta jolasak; barikuan 11:00etan eta 15:30ean izango dira horiek: eguraldiaren arabera, botika ondoan edo frontoian. Barikuko umeendako bazkaria plazan izango da, 14:00etan. Bazkarirako txartelak Karrajun daude salgai, 5 euroren truke: makarroiak, haragi-bolak eta izozkia izango da umeen menua.
Jaioberriei ongietorria
Herri Egunean, zapatuan, azken urtean Elgetan jaiotako haurrei harrera egingo diete udaletxean. 2022ko jaietatik aurtengo jaietara sei haur jaio dira Elgetan; bada, haiek eta haien gurasoek udaletxean izango dute harrera, 12:00etan. 12:30ean, Bergarako erraldoiek kalejira egingo dute: bigarren urtez egingo dute umeek hain gustuko duten ekitaldia. Bergarako erraldoi handiak eta txikiak eramango dituzte eta kalejira egingo dute.
Euskal dantzak
Elgetako umeek euskal dantzak egingo dituzte zapatuan, 13:00etan; Bergarako Moises Azpiazu dantza taldekoen gidaritzapean ibili dira entseguak egiten azken hilabeteetan. 40 bat gaztetxok dantza egingo dute, bi taldetan banatuta; talde bakoitzak hiru dantza egingo ditu. Ondoren izango da udalbatzaren soka dantza.
'Gora bihotzak' ikuskizuna
Jaietako azken egunean, domekan, 17:00etan, Bilboko Eidabe ekimen kulturalak Gora bihotzak lana aurkeztuko du plazan. Leire Sanjurgo, Iratxe Bilbao eta Aitzol Iraola izango dira taula gainean dantzan ibiliko diren aktoreak. Ordubete inguru iraungo du ikuskizunak eta Inun-en kanta eta Xabier Payaren bertsoak eskainiko ditu, besteak beste.
Ferixa Nagusiko jaietako kartelaren egilea ere gaztetxo bat da: Lili Arantzabalek proposatutako Jaietan jai kartelak lortu zituen boto gehien. Emandako 78 botoetatik 34 jaso zituen Arantzabalen kartelak