Pascual Askasibar omendu dute Alemanian

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko eka. 2a, 19:00

Jesus Mari Txurruka senitartekoekin batera lore eskaintza egiten Wöbbelinen. Argazkia: Jesus Mari Txurruka

Holokaustoaren garaian Neuengamme eta Wöbbelin okupazio-esparruetara bidali zuten, Frantzian erbestean egon ostean, eta han hil zen Pascual Askasibar elgetarra. Maiatz hasieran, Wöbbelinen hil ziren presoei omenaldia egin zieten.

Pascual Askasibar eta Tomas Rebollo elgetarrak nazien kontzentrazio-esparruetan amaitu zuten holokaustoaren garaian, eta han galdu zuten bizia biek ala biek. Orain dela urte gutxi, Askasibarren ondorengoek Pascualena zen erloju bat ekarri zuten Alemaniatik Elgetara, eta, duela hilabete eskas, Askasibar omendu egin zuten hil zen kontzentrazio-esparru berean.

Ez dago informazio askorik elgetarraren inguruan, baina, haren ondorengo Jesus Mari Txurrukak adierazi duenez, Espainiako gerra hasi baino lehen joan zen Frantziara erbestera, eta, ondoren, handik eraman zuten, lehenik, Neuengammeko kontzentrazio-esparrura, eta, ondoren, Wöbbelinen kontzentrazio-esparrura. Azken hartan oso denbora gutxi egin zuten, eta aliatuak iritsi baino bi aste lehenago galdu zuen bizia han Askasibarrek; bateren batek bizirik irtetea lortu zuen.

Orain, kontzentrazio-esparru haietan hil ziren presoei omenaldia egin diete. Paskual Askasibar zen Wöbbelinengo presoetako bat, eta haren izena daraman adreilu bat dago omenduen artean. Jesus Mari Txurruka izan zen omenaldi hartan egon zenetako bat, eta "hunkituta" amaitu zuela azaldu du. Ekitaldian 200 pertsona baino gehiago elkartu ziren. "Herrialde eta erlijio askotariko jende ugari batu ginen han, bakoitza bere senitartekoa omentzeko. Kontzentrazio-esparrutik bizirik irten zen bateren bat ere hantxe zegoen. Lore sorta eskaini zuten aurrena, eta, ondoren, adreiluaren gainean kandela txiki bat jarri genuen", dio Jesus Mari Txurrukak. Omenaldi horiek urtero egiten dituztela ere adierazi du Txurrukak.

Pascual Askasibarren omenezko adreilua Argazkia: Jesus Mari Txurruka

Omenaldi bat baino gehiago

Wöbbelinenera iritsi aurretik Neuengammeko kontzentrazio-esparruan egon zen Askasibar, eta han egon ziren Espainiako errepublikanoei ere egin zieten omenaldia; Txurruka eta kontzentrazio-esparru hartan egon zirenen ondorengoak izan ziren. "Espainiako errepublikano guztien omenezko adreilua dago han, eta Pascual ere hantxe egon zen; harena ere bada monumentu hura", dio Txurrukak. Beste omenaldia Lübeck herrian izan zen; han alemaniarrek itsasoratu egin zituzten presoak, eta ondoren urperatu. Txurrukak omenaldia "hunkigarria" izan zela aitortu du: "Hango herriko gazte batzuk kantuan hasi ziren, eta benetan emozionatu ginen omenaldian egon ginen gehienok; negar malkoak ere irten zitzaizkigun. Harrigarria da hangoek gertakari haien inguruan hausnartzeko duten modua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak