Eibartarra izanik, nolatan sortu zen Elgetako zerrendaburu izateko aukera? Eta aukera agertu zenean baiezkoa emateko zenbat zalantza izan zenituen
Garai zailak dira, eta badakit Gipuzkoan, herri batzuetan, alderdi guztiekin egon direla arazoak zerrendak osatzeko. Politikan dagoen krispazioa, indibidualismoa, uneoroko ziurgabetasuna konpromiso komunitarioaren kaltetan joan dira eta jendeari gehiago kostatzen zaio politikagintzan sartzea. Elgetako EAJn bazegoen zerrendan joan eta zinegotzi izateko gertu zegoen jendea, baina zerrendaburua falta zen. Horrelako testuinguruan alderdiak prest egongo nintzen galdetu zidan. Buelta batzuk eman nizkion, gertukoekin partekatu nuen eta erronka onartu nuen. Horretarako arrazoi nagusia izan da elgetarrei aukera ezberdinen arteko hautua egin ahal izatea bermatzea.
Nola gainditu gura dituzu herrikoa ez izateak sortu ditzakeen errezeloak?
Nik ez dut errezelorik sentitu. Hasieratik besoak zabalik hartu naute eta etxean bezala sentitu naiz. Naturaltasunez hartzen ditugu gauza hauek. Bikote kontuengatik, lanagatik edo bestelako kontu pertsonalengatik beti gabiltza herri batetik bestera; Gipuzkoan hori nahiko ohikoa dela esango nuke. Gainera, herria eta bere beharrak ondo baino hobeto eta esperientzia handia duten elgetarrak datoz nirekin zerrendan. . Elgetarrei alternatiba eraikitzaile bat eskaintzen diegu, eta zentzu horren positiboki baloratzen dut egindako harrera.
"Nik ez dut errezelorik sentitu. Elgetan hasieratik besoak zabalik hartu naute eta etxean bezala sentitu naiz"
Ze harreman duzu orain arte, edo izan duzu, Elgetarekin?
Baditut ikasle garaiko ezagunak, baita bizitzera etorri diren eibartar asko ere. Alderdikideekin ere badut harremana, urtean zehar izaten ditugun ekitaldi eta bilera askotan batera egoten garelako; ondoan dauden herriak izanda normala izaten da geure artean herriko arazoak-eta partekatzea. Elkarrengandik hamabost minutura egonda eta mugakideak izanda, harreman naturala dago Eibarren eta Elgetaren artean. Eibarretik mendira joaten garenean, normala izaten da Elgeta edo bere auzoren batetik pasatzea; lagunekin etorri izan gara herriko jaietan, eta bertako jatetxeetan ere jan dugu.
Ikasketaz politologoa zara, eta Gobernantzan ere baduzu masterra. Nondik datorkizu politikarekiko atxikimendu hori?
Berezko sena dudala esango nuke. Etxean egiten dugu berba asko politikaren inguruan, baina inor ez da politika aktiboan ibili. Barruko gauza bat dudala esango nuke. Beti izan dut erakunde publikoen funtzionamenduarekiko interesa, eta abertzale izateak sortzen dizu politikarekiko atxikimendua. Anekdota moduan, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan eta Agenda 21 egitasmoaren barruan, Eibarko Ego ibaian analisi batzuk egin genituen eta ondoren herriko ordezkariei emaitzak aurkeztera joan ginen udalbatza aretora. Esango nuke sen hori indartu egin zela, eta argi ikusi nuela hori zela gustuko nuena.
Eta EAJrekikoa?
Batetik, familiatik: amaren partetik badaude Emakume Abertzaleen Batzan ibilitako senitartekoak eta horregatik kartzelan egon zirenak. Era berean, txikia nintzenean ikusi nuen familiako batzuek hartutako konpromisoak. Bestetik, Ibarretxe lehendakariaren figura azpimarratuko nuke. Buruan grabatuta daukat Estatutu berriaren harira kontsulta iragarri izana telebistan ikusi nuela; gure herriak behingoz erabakitzeko eskubidea egikaritzeko pausoa eman zuen momentua. Uste dut jende askori utzi ziola marka bere proiektuak. Eta gero, alderdira sartzeko azken bultzada, kuadrillako batek eman zidan. Duela hamar urte sartu nintzen Eibarko EGIn eta 2015ean, Eibarko Uri Buru Batzarrean. Udal politikagintza ez da berria niretzat; zeharka, baina gertutik bizi izan dut.
Ideologikoki non kokatzen duzu zeure burua?
Oso argi dut: abertzalea eta aurrerakoia naiz. Abertzalea naiz herri hau maite dudalako eta sinesten dudalako herri hau behetik gora eraikitzen dela, hau da, udaletxeetatik hasita. Aurrerakoia, hiru arrazoirengatik: akordio-zalea naizelako, eta errespetuan eta justizia sozialean sinesten dudalako. Errespetua oinarri bat da politikan: pertsona orok izateko eta sentitzeko modu guztiekiko errespetua. Akordioak lortzeko prozesua errazteko modua ere bada errespetua; eta, modu berean, akordioak aurrera egiteko eta gizarteko desberdinkeriak gutxitzeko modu bakarra ere.
Erakunde publikoetako lana ere ezagutzen duzu, bost urte eman dituzulako aholkulari moduan Gipuzkoako Foru Aldundian. Zein betebehar izan dituzu bertan?
Denetariko lanak egin dut, eta asko ikusteko eta ezagutzeko aukera izan dut. Batez ere idazkaritza lanak egiten egon naiz, baina aholkulari, komunikazio eta ekitaldien antolakuntzan laguntzea ere tokatu zait.
Zein puntura arte izango zaizkizu baliagarriak Aldundian ikusi eta ikasitakoak aukeratua izanez gero Elgetako alkate izateko?
Urte asko, bost urte dira Aldundian eta funtzio ezberdinak izan ditut. Bi departamentutatik pasatu naiz. Lehenengo Gobernantzan egon nintzen eta erakunde guztien funtzionamendua ikusten duzu bertan: giza-baliabideak, gardentasuna, herritarren partaidetza, komunikazio digitala…
,Asko gogoratzen naiz Joseba Muxika elgetarrarekin, bera izan zen herritarren partaidetzako zuzendaria. Gero, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko departamendura pasatu nintzen. Industria, kooperatibismoa, merkataritza, berrikuntza, turismo jasangarria, baserritarrak, lurralde oreka, herri txikien egoera… ikusi ditut. Horrekin guztiarekin eta nire taldearen laguntzarekin Elgetari ekarpen polita egiteko moduan nagoela uste dut.
Zelakoa da EAJk Elgetarako osatu duen zerrenda?
Legeak dagoeneko horrela ezartzen duen arren, genero aldetik zerrenda anitza dela esango nuke, baita adin eta profil aldetik ere. Esperientzia eta berritasuna uztartzen ditugu. Zerrenda euskalduna eta abertzalea da; Elgetari proiektu sendo bat eta alternatiba eraikitzaile bat eskaintzeko talde majoa osatu dugu.
"EAJren Elgetako zerrenda euskalduna eta abertzalea da; Elgetari proiektu sendo bat eta alternatiba eraikitzaile bat eskaintzeko talde majoa osatu dugu"
Deigarria da EAJk zein EH Bilduk irabazi, Elgetako alkate berriak 30 urte baino gutxiago izango dituela. Gazteek ez al dute bada politikaz paso egiten?
Aipatu dut jendeak ez duela politikagintzarako pausoa eman gura, eta gizartean ematen diren aldaketa horiek gehiago pairatzen dira herri txikietan; zerrendak osatzeko orduan, esaterako, zailtasun gehiago daude. Baina aldaketa onak datozenean ere gehiago nabaritzen da, eta nire ustetan bi alkategaiak 30 urtetik beherakoak izatea baikorra eta pozgarria da. Belaunaldien erreleboa ere lehenago ikusiko da herri txikietan: bagaudela konprometituta eta ondo formatuta dauden gazteak, erreleboari heltzeko gogoz.
Iker Laka bera, pertsona moduan, nola definituko zenuke?
Ideiak oso argi dituen gazte bat, oso irribarretsua eta zentzu horretan, baikorra. Batzuetan apur bat ipurtarina ere banaiz. Oso konprometitua ere bai: zerbaitekin konpromisoa hartzen dudenean, bukaerara arte mantentzen dut.
Aisialdian zertan ikusiko zaitugu?
Gauza oso arruntetan. Gertukoekin egotea gustuko dut, lagunekin zein familiarekin. Toki berriak ezagutzea ere gustuko dut, eta ez bakarrik beste herrialde batzuetara joanda: hemen gertuan ezagutzen ez ditugun toki pila bat daude.
Gaurkotasuna jarraitzen duzu? Zein bide erabiltzen duzu horretarako?
Bai, jarraitzen dut; esango nuke batzuetan gehiegi ere bai. Egunkariak egunero irakurtzen ditut, sare sozialak, noizbehinka telebista…. Deformazio profesionala dudala uste dut, gehiago deskonektatzen ikasi beharko nuke.
Elgeta ezagutzen ez duenari nola deskribatuko zenioke?
Herri atsegina, polita eta lasaia dela esango nioke, ingurune natural politarekin. Herritar sano eta jatorrak dituela ere esango nuke; esan bezala, lehen egunetik etxean bezala sentiarazi naute.
Zein duzu Elgetako txoko kuttunena?
Asentzio eta Intxorta inguruak; ez bakarrik paisaia oso polita delako, historikoki duen esanahiagatik ere bai. Espainiako gerran Elgeta, Eibar eta Markina inguruan fronteak hilabete askoz eutsi zion frankisten aurrerapenari, eta beste gauza batzuen artean horrek ahalbideratu zuen Agirre lehendakariaren gidaritzapean Bilbon lehenengo Eusko Jaurlaritza eratzea.
Zer da herritik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?
Gehien, txikia izan arren izaera duen herria dela, eta bizitza duena: gizarte eta kultura eragileak ditu, enpresak ere badaude… Gainera, bere herrigunea eta landa eremuko auzoak ditu; Gipuzkoako lurralde orekaren adibidea dela esan daiteke. Gutxien gustatzen zaidana da azken urteetan Pagatza industrialdea gainbeheran dagoela, herriko ekonomia eta industrialdea sustatzea ez delako EH Bilduren apustua izan azken urteetan.
Zein da une honetan Elgetak duen behar nagusiena?
Lehentasuna da herria dagoen geldialditik ateratzea. Maiatzaren 28an bi ereduren artean erabaki behar dugu: EAJrekin etorkizunera begiratzea eta aurrera egitea; edo bestea, EH Bilduren bakartasunetik geldialdi hori luzatzea eta Elgeta atzean geratzeko arriskuan jartzea. Guk oinarrizko kontzeptu bat planteatzen dugu: Udalean gobernantza eredu berri bat ezartzea, elkarlanean oinarritutako, irekia, zintzoa eta herritarrekin batera landutakoa izango dena.
"Lehentasuna da Elgeta dagoen geldialditik ateratzea"
Zeintzuk dira EAJk Elgetarako landu duen programako ildo nagusiak?
Hiru ardatz nagusi ditugu: pertsonak, ekonomia eta azpiegiturak. Ekonomia sendo bat beharrezkoa da pertsonak zaintzeko beharrezkoak diren zerbitzuak eta azpiegiturak finantzatzeko. Txanponaren bi aldeak landu behar dira.
Alkate izatea lortuz gero, zein izango da hartuko duzun lehen erabakia?
Hasteko, herritarrei eskertu egingo nieke gure taldeari emandako babesa. Eta beste alde batetik, zin egingo nieke udalean lan egiteko beste modu bat jarriko dugula martxan, elkarlanean oinarrituta egongo dena, gainerako alderdi politikoak kontutan izanda eta herriko eragile sozial eta ekonomikoen eskutik, herritarren ekarpenak aintzat hartuko dituena.
Zelako agintaldia izango dela uste duzu alkate izatea lortu ezkero?
Pandemia, Ukrainako gerra, krisia… Azkenaldian ikusi dugun denarekin ez naiz ausartzen ezer ere esatera. Garai oso ezegonkorra bizi dugu eta ez dakigu zer gertatuko den. Baina argi izan behar dugu nolako Elgeta gura dugun etorkizunean, eta hori gaurtik hasi behar dugu lantzen. Horrelako egoera ezegonkor batean herritarrei konfiantza emateko modu bakarra da orainaren eta etorkizunaren artean koherentzia bat ezartzea.