Zazpi aste eskas Ferixa Nagusiko jaiei hasiera emateko

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko mai. 12a, 12:00

Kartel lehiaketa martxan da, umeen euskal dantzen ikastaroa ere bai. Jai Batzordetik jakinarazi dute Mugi Panderoa taldeak joko duela eguenean eta Iheskide taldeak barikuan. Oraindik argitzeko dago domekako azokan ganadurik izango den edo ez.

Ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean izango dira aurten Ferixa Nagusiko jaiak. Zazpi aste eskas gelditzen dira, beraz, jaiei hasiera ematen dien mozorro jaitsierarako. Jai Batzordea hilean behin elkartu da otsaila ezkero, eta esan daiteke antolaketako lan handienak bideratuta daudela. "Hurrengo batzordea eguaztenean egingo dugu, maiatzak 17. Hain zuzen, 20:00etan elkartuko gara", azaldu du Jai Batzordeko kide Ane Bilbaok. "Azken kontuak lotzen ari gara. Konturatu orduko jaiak gainean ditugu, eta gehiena lotuta dago".

Bilbaok aurreratu du ohikoa den egitura izango dutela Ferixa Nagusiko jaiek aurtengoan ere. Hala, Mozorro Eguna izango da eguena, Umeen eta Erretiratuen Eguna barikua, Herri Eguna zapatua eta Ferixa Eguna domeka. Jai Batzordetik aurreratu dutena da egueneko kontzertua Eibarko eta Elgoibarko gazte parrandazalez osatutako Mugi Panderoa erromeria taldeak egingo duela –egonda daude Elgetan 2020ko Euskararen Egunean–, eta barikuko kontzertua Elorrioko Iheskide punk-rock taldeak egingo duela. "Domekan, berriz, pilota partiduak izango dira, iaz bezala. Baikoko lau eta erdiko San Fermin torneoko finala Elgetako udal pilotalekuan jokatuko da ".

Azoka eguna

Iaz, lehenengo aldiz, ganadu barik egin zen Elgetako Ferixa Nagusia. Ganaduzaleek plantoa iragarri zuten, eta ganadua eraman ordez animalien argazkiak ipini zituzten azokan animaliendako egokitutako gunean. Salatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundia "oztopoak" jartzen ari zela ganadua azoketara eramateko. Elgetako Udal Gobernuak bat egin zuen ganaduzaleen plantoarekin, eta Aldundiak, berriz, "arduraz" jokatzen ari zela argudiatu zuen, eta IBR gaitza jarri zuen erabakiak hartzeko arrazoien muinean –abelgorriei erasaten dien herpes motako birus bat–.

Argitzeko dago aurtengo azoka ganaduarekin egingo den edo ez. "Eskaria eginda dago, baina oraindik ez daukagu Diputazioaren erantzunik. Hala ere, esperantza daukagu eta horrela izaten saiatuko gara", azaldu du Bilbaok.

Jaietako kartel lehiaketa

Jai Batzordeak deituta dauka Ferixa Nagusiko kartel lehiaketa. Martitzena da lanak aurkezteko azken eguna, hilak 16. Aurkeztutako lanak zeramika-gelan egongo dira ikusgai, zazpi egunez, datorren astetik aurrera: hilaren 17tik 23ra.

Herritarren botoekin erabakiko da irabazlea; izan ere, aurreko urteetan bezala, online botoa emateko aukera izango dute. Boto gehien jasotzen dituen kartela izango da irabazlea. Jai Batzordeak hilaren 24an emango du irabazlearen berri. Egileak 100 euroko saria jasoko du.

Umeen dantza ikastaroa

Martxan da, baita ere, umeendako euskal dantzen ikastaroa. Eguaztenean egin zuten bigarren saioa, eta, ekainaren 28ra bitartean, astero elkartuko dira 5 eta 12 urte arteko neska-mutikoak eta Bergarako Moises Aspiazu dantza taldeko Maite Lazkano. 46 lagunek eman dute izena; gazteenen taldean 28 dira eta nagusiagoen taldean, hamazortzi.

Jaietako Herri Egunerako dantza saioa prestatuko dute. Pandemia tarteko badira urte batzuk egin ez dela. Txikienek, besteak beste, txulalai, zapatagin dantza, esku dantza eta polka dantzak prestatuko dituzte. Nagusiagoek, berriz, banakoa, zazpi jauzi, kontradantza eta agurra. Hori da hasiera bateko asmoa.

Gazte Asanblada ere lanean

Elgetako Gazte Asanblada ere Ferixa Nagusiko jaiei begira jarrita dago azken asteotan. Urtarrilean egin zuten jendaurreko aurkezpen ekitaldia, eta apirilean heldu zen lehenengo ekitaldi sorta, Intxortako gudako 87. urteurrena lelopean. Oraingoz detaile askorik eman ez badute ere, adierazi dute bariku oro elkartzen direla herriko jaiak prestatzeko. Gaur bertan ere elkartzekoak direla jakinarazi dute. Batzar horiek zabalik daude herriko gazte guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak