Badira urte batzuk Elgetan Azalerako ipuinak tailerra egiten duzula. Zenbat izango dira?
Bost bat urte izango dira honezkero. Egia esan, oso gustura joaten naiz Elgetara. Herri txikia da eta oso giro atsegineko taldeak osatzen dira. Berezia da benetan.
0-2 urte arteko umeendako eta haien familiendako tailerra da. Adin tarte horri zer-nolako arreta eskaintzen zaio, orokorrean?
Gero eta handiagoa, esango nuke. Saiatzen gara, behintzat. Egia da ez dela adin errazenetakoa, baina badago zer landu, eta horretan gabiltza. Erantzuna ere ona izan ohi da.
Martitzenean hasita, ordubeteko hiru saio egingo dituzu Elgetako liburutegian. Zelan egituratuko dituzu?
Asmoa da gurasoei baliabideak ematea, gero etxean erabiltzeko. Jolasteko, esango nuke. Egingo dugu hurbilketa bat irakurketara eta ahozkotasunera. Pentsatzen dut hortik abiatuta gero nork bere bidea egiteko tresnak jasoko dituela. Saio batetik bestera, gainera, denbora izango da ikasitakoak etxean praktikan jartzeko.
Kantuak, olerkiak, hitz-jokoak, ipuin laburrak, musikak, jolasak... Nondik ateratakoak dira?
Gorputzarekin lotutako kantuak eta jolasak izan ohi dira; izan ere, adin tarte horretako umeak gorputzetik ikasten ari dira. Arreta maila onena gorputzarekin lotutakoekin agertzen dute. Bideoak eta audioak ere baditut eskaintzeko, eta etxean lantzen jarraitu daiteke gero ere.
Tradizio handia dago halako kantu eta jolasetarako?
Izugarria. Nik, azkenean, bilaketa- eta batze-lana egin dut. Edan dut tradiziotik, literatura liburuetatik, poesiatik, folklorearen inguruan dagoen materialetik...
Zer-nolako jarrerarekin joan behar dute parte-hartzaileek?
Semearekin edo alabarekin gozatzeko eta ondo pasatzeko jarrerarekin, nire ustez. Eta jolastera ere bai.
Hegoa proiektuan zabiltza, Galtzagorri elkarteko kide ere bazara... Haurren eta gazteen artean irakurzaletasuna nola bultzatu kezka den sasoi honetan, zer esango zenuke zuk? Nola lortzen da hori?
Txikitatik hasita eta bitartekaritzarekin; hau da, nagusien inplikazioarekin. Halako tailerrak oso ondo daude eta oso lagungarria izan daiteke literaturan apur bat kuxkuxeatzea zer dagoen eta nola dagoen ezagutzeko. Helduaren motibazioa oso garrantzitsua da umearendako. Eskutik oratzea eta esatea: "Goazen ikustera zelakoa den literatura!" edo "erakutsiko dizut hau eta gero beste hau" edo "gaur jolastuko gara liburu honekin"... Baliabideak asko daude. Hemen asko idazten da ume eta nerabeendako. Euskal Herrian idazle eta ilustratzaile asko ditugu haur literatura sortzen, eta material ona egiten da.
Ikastetxeetan ere egiten dituzu saioak irakasleekin. Eskolaren funtzioa garrantzitsua da?
Zalantzarik gabe, baina uste dut eskoletan argi dutela gaia. Egia da Haur Hezkuntzan Lehen Hezkuntzan baino gehiago ematen dela, baina lantzen dute.
Orduan, etxean dago egitekoa, ezta? Umetan irakurtzen dizkiegu ipuinak, baina irakurtzen hasten diren unean alboratzen dugu, gehienetan, kontu hori.
Bai, eta garrantzitsua da jarraitzea. Gehituko nuke ume bakoitza mundu bat dela eta ze gai eta ze estilo ez dagoela jakiterik. Egin behar dena da apur bat denetik irakurri, eta umearekin batera joango gara deskubritzen zer duen gustukoen eta zer ez. Helduoi berdina gertatzen zaigu: ze irakurle mota garen jakiteko denetik irakurri behar dugu. Aukeratzeko, ezagutu egin behar da. Umeei denetik ematea, hori izango litzateke lehen pausoa.