Elgetako Trikiti Eskolako Adolfo Jainaga pozik zegoen egunak emandakoarekin: "Eguna gurekin portatu da; ateri, tenperatura ona, zerua estalita... eta gu jotzeko gogoarekin". Debagoieneko Trikitixa Eguna ospatu dute gaur Elgetan. Bailara guztiko trikitilariak elkartu dira, eta baita Soraluzekoak, Lekeitiokoak eta Legutiokoak ere. Goizeko saioaren ondoren pilotalekura joan dira bazkaltzera. Han 375 lagun elkartu dira: gazteena 8 urtekoa eta zaharrena 70 urtetik gorakoa.
Jainagak nabarmendu du horrelako jai batek helburu bikoitza izaten duela: "Norbere herria ez den herri batean jotzea; eta, eskola batek ikustea beste eskola bateko trikitilariek zer egiten duten. Detaile asko egoten dira: detaile estetikoak, jotzeko erak...". Soinua sustatzea, nola ez, jaialdiaren beste helburuetako bat da.
Lekuko aldaketa
Goizeko ekitaldian, lekukoa pasa dio Elgetak Arrasateri. Lekukoa soinu baten irudia da, egurrezkoa: ezkerreko eskuan botoiak ditu eta botoi bakoitza herri bat da. Dagoeneko bailarako bederatzi herriak pasa direnez, hurrengo urtean beste ziklo bat hasiko dute Arrasaten.
Elgeta: herri trikitilaria
Trikitia osasuntsu dagoela dio Jainagak, eta nabarmendu du "Elgetan inon baino gehiago": "Elgeta da biztanletan soinujole gehien dituen herria. Hemen 1.100 lagun bizi dira eta gure eskolan 32 urtea 110 ikasle apuntatu dira. Herritarren %10ak daki soinua jotzen!".
Eguna borobildu dute Tipika taldearen emanaldiarekin. Plazan egin dute erromeria: dantzan ibili dira trikitilari guztiak, trikitiaren erritmoan.