Iker Laka izan da jeltzaleen Elgetako alkategaia. 28 urte ditu, politologoa da ikasketaz eta masterra dauka Gobernantzan. Bost urte daramatza Gipuzkoako Foru Aldundian aholkulari; lehenengo Gobernantza Departamentuan, eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Ingurunekoan ondoren. "Gaztea bada ere, ondo baino hobeto ezagutzen ditu erakundeen arteko harremanak eta lurraldeko herri txikien errealitatea. Baita gazteriak egun dituen beharrizanak ere", azaldu dute jeltzaleek.
Zerrenda-kideak
Elgetak merezi duen luxuzko hautagaitza osatu dutela azaldu du Lakak. "Anitza genero, adin eta profil aldetik, ondo prestatua, herria ondo ezagutzen duena, abertzalea eta euskalduna", gaineratu du. Hautagaitza ondorengo lagunek osatzen dute:
- Iker Laka
- Mikel Larrea (Antzuolako Udalean teknikaria eta bertako alkate ohia)
- Josu Leturia (langilea)
- Idoia Ubera (HABEko irakaslea)
- Ana Gillegi (gizarte langilea)
- Beñat Laskurain (unibertsitateko ikaslea)
- Aintzane Oiarbide (filologoa eta Bide Azpiegituretako foru diputatua)
- Maria Jesus Lete (Elgetako zinegotzi ohia eta boluntarioa gizarte laguntza talde desberdinetan)
- Patxi Basauri (Elgetako alkate ohia)
Elgetako jeltzaleek azaldu dute hautagaitzak bi helburu nagusi dituela. "Batetik, ikuspegi estrategikoa landuz Elgeta azken urteotako geldialditik ateratzea. Hau da, egunerokotasunaz haratago, epe ertain eta luzean begirada jarriko duen kudeaketa eredua gauzatzea, etorkizunerako nahi dugun Elgeta modu partekatuan marraztea ahalbidetuko diguna. Aspalditik diogun moduan, Udalak ezin du urtez urte agindutakoa ez bete eta mantentze-enpresa bat izatera mugatu. Etorkizuneko proiektua eta ilusioa behar ditu herriak", azaldu du Lakak. Bestetik, "elkarlanean oinarritutako gobernantza eredu ireki, zintzo eta eraikitzailea" jorratu nahi dutela jakinarazi dute jeltzaleek. "Gainerako alderdiekin batera, herriko eragile sozial eta ekonomikoen eskutik eta herritarren ekarpenak aintzat hartuta egingo dugu. Aldebakartasuna eta sektarismoak atzean laga behar dira, eta guztiontzako gobernatu".
Ekonomiaren sustapena eta gizarte babesa
Jeltzaleek aurreratu dute ekonomiaren sustapena eta gizarte babesa izango dituela ardatz hautagaitzak. "Udalak ia ez du harremanik Elgetako enpresekin: Patxi Basauri alkateak Pagatzako industrialdea sortu zuen garaitik, ez da ezelako ekimenik egon udal gobernuen aldetik. Horren adibide da pandemia bat pasa dugula eta oraindik ez dakigula enpresek zelan bizi zuten garai hura eta zelan atera diren".
Egoera hori "ulertezina" da Lakaren esanetan; "industriak sortzen ditu aberastasuna eta kalitatezko enpleguak, zerbitzu hobeak eskaini ahal izateko eta biztanleria finkatzeko funtsezkoa dena".
Gizarte arloari dagokionean, jeltzaleek diote pertsona guztiak hartuko dituztela kontuan: "Bereziki behar gehien dituztenak: adinekoak eta gazteak. Zentzu horretan Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin batera gizarte zerbitzuak indartu, hirugarren adin aktiborako zerbitzuak martxan jarri eta herriko hirigintza atseginagoa egingo dugu. San Roke kalean, adibidez, ezin da gurpildun aulkiarekin eta makuluekin segurtasunez ibili. Behar den moduan konponduko dugu".
Gazteriaren kasuan, uste dute gero eta nabariagoa dela gazteak Elgetatik kanpo doazela. "Horrek epe ertainean udalerria husteko arriskua dakar. Nire adinekoek, neure burua barne, gure beharretara egokitutako etxebizitza eza jasaten ari gara. Gazteekin lan egingo dut herrian dituzten beharrak aztertzeko eta Elgeta leku erakargarriagoa egiteko. Gazteek Elgetan bizi eta lan egin dezaten. Nire konpromisoa da", agindu du Lakak.
Herria Debagoiena eta Gipuzkoa osoan erreferentziazko udalerria izateko gogotik lan egingo duela azaldu du Lakak. "Elgetak badu potentzialtasuna kulturan, energia berriztagarrietan edo industria arloetan puntakoa izateko. Asko dago egiteko, baina ilusioz beteriko taldea gara eta lan egitera ohituta gaude", adierazi du.