Maider Galarza: "Polita da umeek interesa dutela ikustea"

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko api. 28a, 12:00

Galarza, ipuin kontalaria

Irundarra jaiotzez, aste hauetan ipuin-kontalari aritu da Elgetako liburutegian. "Harro" egindakoaz, herrian horrelako ekintzak sortzearen garrantzia azpimarratu du.

Atzo amaitu zen umeendako ipuin kontalaritza tailerra Elgetako liburutegian. Joan den eguenean hasi zen, eta atzo arratsaldean egin zen bigarren eta azken saioa. Haurrei ipuinak kontatzearen ardura Maider Galarza irundarrarena izan da. Gustura dago bi saioek eman dutenarekin.

Zer moduz joan da neska-mutikoendako ipuin kontalaritza tailerra?
Oso ondo joan da. Umeek eta gurasoek osatutako oso talde jatorra izan da eta oso ondo pasatu dugu.

Nola prestatu duzu eta zer landu duzue bertan?
Elgetako liburutegitik proposatzen zena zen jolasen bidez umeei ipuinak gerturatzea, ipuinak kontatzea ere dibertigarria izan daitekeelako. Hain zuzen ere, hainbat teknika landu ditugu ipuin bat kontatzeko orduan: objektuekin, gorputzaren bidez, soinuen bidez... Askotariko tresnak erabiltzen erakutsi diegu.

Umeekin teoria handirik ez zenuen garatuko. Gehiago izango ziren ariketa praktikoak. Zer-nolako ariketak izan dira?
Ipuin bat kontatzeko jakin behar den egitura minimo bat erakutsi diegu, baina beti jolasen bitartez. Horrek balio izan digu umeek jakiteko derrigorrez zer hartu behar den kontuan ipuin bat kontatzeko orduan.

Ze gomendio eman diezu umeei jendaurrean jarri eta ipuina kontatzeko? Ipuina aukeratu, nola prestatu, urduritasuna kontrolatzeko  aholkuak, gorputza nola erabili...
Esan nien bakarra izan zen ipuinen bat aukeratuta baldin badute, ekartzeko, horri buelta bat emateko. Lehenengo saioa hastapen saio bat izan zen. Garbitasuna asko azpimarratzen diet, egiten dutena garbi egin dezaten, baita disimuluarena ere; nahastu egin badira, aurrera jotzeko beti. Horrelako gomendio orokorrak eman diet.

Pozik orain artekoarekin?
Oso pozik. Niretzako, agian, berriena dena da gurasoekin eta haurrekin batera lan egitearena, eta liburuzainari komentatu nion oso ideia ona iruditzen zitzaidala.

Horrelako tailer batean trebatzen den ume batek ze gaitasun lantzen ditu zeharka?
Gauza asko trebatzen dira, hori egia da. Ahozkotasuna, ahots propio bat aurkitzea, antropologikoki ipuin batek ere milaka ate zabaltzen dizkizu... Ni neu antzerkigintzatik nator eta nik planteatzen dudan moduan ere gorputza oso garrantzitsua da.

Bukatzeko: zure ustez, kontalari harrobi ona dago Elgetan?
Bai. Behintzat, oso polita da umeek interesa jartzen dutela ikustea. Hirietan ematen du 8 urtetik aurrera beste gauza batzuetan daudela. Hemen, zorionez, ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak