Nork konbentzitu zintuen zerrendaburu joateko?
Konbentzitu, ez zidan inork konbentzitu. Nire ikasketengatik eta udaletxe batean lan egiteagatik, nire lagunek beti egiten zuten txantxa Elgetako hurrengo alkatea ni izango nintzela. Ordutik, ideia hori noizbehinka nire burutik pasatu da, baina ez nuen inoiz serio planteatu EH Bilduren proposamena iritsi zen arte.
Erabaki erraza izan da zuretzat?
Ez dut uste horrelako erabaki bat hartzea erraza denik inorentzat. Asko hausnartu behar izan nuen, eta ez bakarrik nire buruarekin pentsatuta. Baita ere bikote-laguna, familia eta gertuko lagunekin. Oso zaila izan da erabakia hartzea. Azken batean, konpromiso, erantzukizun eta ikusgarritasun handiko kargua da.
Zergatik eman zenuen baietza?
Alde batetik, esperientzia berri bat izango delako eta asko ikasiko dudalako. Bestetik, elgetarren alde zerbait egiteko unea zela iruditu zitzaidan. Elgeta eta bertako herritarren bizitza hobetzeko lan egitea oso motibagarria iruditzen zait.
Berria zara halakoetan. Zerk ematen dizu bertigo handien? Zerk erakartzen zaitu gehien?
Beldur gehien eman diezadakeena handi geratuko zaidala pentsatzea da eta ez ditudala nire espektatibak beteko, baina inor ez da jaio dena jakinda eta badakit asko daukadala ikasteko. Alde horretatik, Elgetako EH Bildu osatzen duten taldekideek eskainitako laguntzak, konfiantza eta segurtasun handia transmititzen didate. Denok batera eta herriaren babesarekin espektatibak gainditu ditzakegula pentsatzen dut, eta horrek erakartzen nau.
"Elgeta eta bertako herritarren bizitza hobetzeko lan egitea oso motibagarria iruditzen zait"
Berria zara alkategai moduan baina udaletxe baten funtzionamenduaren berri baduzu. Oker ez banago Administrazio Orokorreko Teknikari kargua duzu Zestoako udaletxean, ezta? Lagungarri izango bertan ikasitakoa?
Bai, gaur egun Zestoako Udaletxean ari naiz lanean Administrazio Orokorreko Teknikari bezala. Elgeta baino herri handiagoa da eta mugimendu gehiago dago. Asko ikasi dut bertan lan egiten eta oso baliagarria izango zait bertako esperientzia. Teknikari baten esperientzia dagoeneko badaukat, orain politikari ibilbidea osatu behar.
Zerrenda osatzeko eta programa lantzeko zereginak etorriko ziren gero. Nola bizi izan duzu prozesu hori?
Lehenengo aldia da horrelako prozesu batean parte hartzen dudala eta oso aberasgarria iruditu zait. Lan erraza izan ez den arren, laguntza asko jaso dut EH Bildu taldearen partetik, eta horrek asko erraztu du egin beharreko lana.
Nola definituko zenuke udal hauteskundeotarako osatutako zerrenda eta lantaldea?
Ilusioz beteta gatoz. Talde trinkoa da eratu duguna, elgetarrez osatua, euskalduna, gaztea, inplikatua eta herrigintzan nahiz udalgintzan esperientzia duena. Arlo profesional ezberdinetatik gatozen taldea gara, izan administrazio publikoan, industrian, hezkuntzan, euskara elkarteetan, ikerkuntzan... Elgetarren alde lan egiteko gogo handia dugu. Oso pozik nago osatu dugun zerrendarekin.
Zuk zeuk, Ibon, nola definituko zenuke zure burua ideologikoki?
Ez naiz ideologia finko batekoa, eta ez zait gustatzen etiketak jartzea. Are gutxiago gaur egungoa bezain dinamikoa eta aldakorra den mundu honetan, non oinarrizkoa oraindik egiteke dagoen.
Eta, oro har, nolakoa da Ibon Unzetabarrenetxea?
Zaila egiten zait neure burua definitzea. Zerbait esatearren, esango nuke mutil lasaia naizela, asko gustatzen zaidala nireekin egotea: familia, lagunak... Oso gertukoa naiz. Baita ere lana serio hartzen duen pertsona, baina lanetik kanpo oso xelebrea.
Aisialdia zertan ematen duzu? Zer egitea gustatzen zaizu?
Kirola nire bizitzaren zati garrantzitsu bat da. Beti saiatzen naiz zerbait egiten, eta bestela baserrian pasatzen dut denbora gehiena, han beti baitago zerbait egin beharra. Ondo datorkit egunerokotasunetik deskonektatzeko.
Gaurkotasuna jarraitzen duzu? Informatzeko nora jotzen duzu?
Egunerokoan irratia entzun ohi dut eta berriak egunkari digitaletan irakurri ohi ditut. Horiek dira nire iturri nagusiak.
Zure herria nolakoa den, ze ezaugarri dituen… kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?
Elgeta herri lasaia da, eta, aldi berean, ez aspertzekoa. Mendi ezberdinez inguratuta dago eta historikoki asko du eskaintzeko. Gainera, elgetarrak oso atseginak dira, beti dituzte besoak zabalik.
"Talde trinkoa da eratu duguna, elgetarrez osatua, euskalduna, gaztea, inplikatua eta herrigintzan nahiz udalgintzan esperientzia duena"
Herriko txokorik gustukoena zein da? Zergatik?
Ez daukat txoko gustukoenik, nire beharren arabera mugitzen naiz. Kirola egitea nahi badut frontoira, lasai egotea nahi badut mendira, lagunekin egon nahi badut tabernara. Denak ditut gustuko.
Zer da zure herritik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Asentzioko aisialdi gunea oso polita da, eta gutxien gustatzen zaidana erdi hutsik dagoen industrialdea da.
Zure ustez zein da Elgetaren premia nagusia?
Azkenaldian kirolagatik apustu egiten duen Elgeta bat ikusi dugu, ekitaldi asko antolatu baitira: pilota eta frontenis txapelketak, mendi lasterketa... Hala ere, elgetar askok inguruko kiroldegietara jotzen dute –Eibar, Bergara...– kirola egiteko orduan. Beraz, hori ekiditea premia nagusikoa dela uste dut.
Eta zer eman diezaioke Elgetako EH Bilduren hautagaitzak herriari premia horri aurre egiteko? Ze proposatzen duzue?
Egia da Elgetako kirol instalazioak nahiko zaharkituak daudela, eta ez dagoela leku asko. Horrexegatik kiroldegian bigarren solairua eraikitzeko apustua egingo dugu.
Eta zein gauzarik inportanteena EH Bilduren hauteskunde-programan?
Esku artean arlo desberdinei lotutako hainbat proiektu berritzaile ditugu, baina bat aipatzekotan kiroldegiari lotutakoa dela garrantzitsuena esango nuke.
"Lana serio hartzen duen pertsona naiz, eta asko gustatzen zait nireekin egotea"
Alkate izendatzen bazaituzte zein da egitea gustatuko litzaizukeen lehen gauza?
Alkate izendatuko banindute, lehenik eta behin Elgetako herritarrei eskerrak emango nizkieke nigan jarritako konfiantzagatik. Ondoren, Udalaren baliabideen arabera gure proiektuak aurrera eramango genituzke.
Alkatetzara heltzen bazara nolako agintaldia aurreikusten duzu?
Gustatuko litzaidake jakitea, baina datorrena datorrela elkarrekin aurre egingo diogu.
Lasaitasunez biziko dituzu datozen asteak?
Hauteskundeen eguna hurbiltzen doan heinean urduritasuna areagotzen joango da. Zaila da lasai egotea zure herriaren etorkizuna jokoan dagoenean, baina une honetan ilusioa da nagusi eta horrekin geratuko naiz.