Elgetako Udal Artxiboko argazkiekin egindako erakusketak harrera beroa izan zuen abenduan herritarrendako astebetez zabaldu zutenean. Fernando Larrañaga, Txema Barrutia eta Manolo Cainzos aritu ziren katalogazio-lanetan. Orain, argazkiak digitalizatu eta Udalaren Flickr kontura igo dituzte, aurrerantzean gura duenak ikusgai izan ditzan.
Guztira, gerra aurreko eta osteko 331 argazkik osatzen zuten erakusketa. Horien artean dira erakusketa egin baino lehen artxiboan aurkitu zituzten 72 argazki, 1940koak.
Identifikazio lanak
Artxiboko argazkiak ordenatzen eta prestatzen hilabeteak behar izan zituzten; gehienbat, irudietan agertzen ziren pertsona asko identifikatu edo izen gabe zeudelako. Hura izan zen hain zuzen herritarrei eskatu zieten laguntzetako bat. Erakusketarako "%98 identifikatu" zituztela aitortu du Fernando Larrañagak, katalogazio lanetan aritu den boluntarioetako batek.