Ainara Brusau: "Sexualitatea subjektiboa da, eta bakoitzak gure modura bizi dugu plazera"

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko ots. 21a, 10:00
Ainara Brusau Salaberria.

Mahibar&Co sexologia zerbitzuko kidea da Ainara Brusau Salaberria. Liburutegiko Bibliobero zikloaren barruan egingo du hitzaldia, eguenean, 18:30ean. Saioaren izenburua da: Sexualitateak ba al du iraungitze adinik?.

Sexualitateak ba al du iraungitze-adinik?

Beste galdera batekin erantzungo dut: pertsonalitateak ba al du iraungitze-adinik? Gehienok ezetz erantzungo genuke, ezta? Sexualitatearekin berdina gertatzen da. Uste dut ez garela konturatzen sexualitateari buruz ari garenean gehien-gehienetan plazerari buruz ari garela. Sexologoek diogu gizakiak une oro ari garela sexuatzen; obulu ernaldu bat garenetik hiltzen garenera arte. Bizitzako prozesu bat da eta bizipenen eta testuinguruaren arabera goaz eraikitzen gure sexualitatea. Bakoitzak berea du, bakarra. Pluralean erabili beharko genuke sexualitatea terminoa.

Sexualitateak, orduan, ez du adinik?

Nik orain 44 urte ditut eta ez naiz 20 urte nituenean nintzen hura. Sexualitateari dagokionez ere ez. Egia da adinak baduela eragina gure gorputzaren funtzionalitate organikoan. Lubrifikazio eta eszitazio gaitasuna aldatzen doaz, zakila tentetzeko gaitasuna ere bai, eta desiratzen ditugun gauzak ere aldatzen doaz... Sexualitatea, batez ere, koitoan zentratzen badugu adin batetik aurrera baztertu egin beharko dugu, baina badaude beste joko batzuk –musuak, laztanak, samurtasuna, eszitazioa...–

Esan nahiko nuke sexualitatearekin lotuta hainbat mezu jasotzen ditugula; esaterako, bakarrik gaztaroan eta gorputz normatiboendako dela. Baina horiek eraikitako usteak dira. Adinarekin aldatzen goaz, hori horrela da, baina bizipenek adinak baino eragin handiagoa dute gai honetan.

Gizarteak zenbateraino baldintzatzen du gure sexualitatea?

Mugak eta baimenak eraiki ditugu, eta horrek guztiak ere eragina du. Egia esan, horiek ez daude gure baitan, eraikuntzak dira. Pentsatu adin batetik gorako emakumea naizela eta gogoa sentitzen dudala norbait ezagutzeko edo harreman bat eraikitzen hasteko. Ba, izan daiteke nire inguruak hori ondo ez ikustea edo epaitzea. Umeekin berdina gertatzen da. Badirudi sexualitatea haurtzarotik eta zahartzarotik kanpo gelditzen dela, eta hori ez da horrela, inondik inora. Gehituko nuke gizarte honetan kolektibo dezente baztertzen ditugula sexualitatetik: haurrak, helduak, normatiboak ez diren gorputzak, ederrak ez direnak, ezgaitasunen bat dutenak... Baina guztiak gara gorputz sexuatuak.

Komunikazioak, konfiantzak... zer garrantzi dute?

Aldaketa handiak gertatu dira eta gu, akaso, beste belaunaldi batekoak gara. Emakumeak, batez ere, askeagoak gara adierazteko zer dugun gustuko eta nola bizi dugun maitatuak izatea. Gure amonek, esaterako, ez dute aukera hori izan eta orain ez dakite nola egin.

Aktibo jarraitzeak baditu onurak.

Adinarekin gure plazerarekiko gaitasuna ez da desagertzen. Aldatzen dena da gorputzak sentsazioak bizitzeko dituen bideak, eta baita ere desiratzen ditugun gauzak. Norberak jakin behar du zerk ematen dion plazera. Batzuendako koitoa izango da eta beste batzuendako, lazta- nak, begiradak, edo mezu trukaketa. Nik azpimarratuko nukeena da bakoitzak modu desberdinean bizi duela plazera. Modu desberdinean eskatzen dugu edo adierazten dugu, eta bakoitzak aurkitu behar du satisfazioa gustuko duen horretan. Plazerarekin ahalik eta lotuen bizi bagara, horrek osasuna emango digu; izan ere, jakinekoa da satisfazioan bizitzeak ongizatea ematen duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak