Iraitz Lazkano: "Onbideratu egin dugu Udalaren egoera ekonomikoa"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko aza. 30a, 10:38

Elgetako alkate Iraitz Lazkano Garitaonandia.

Bigarren agintaldia betetzear du Iraitz Lazkano Garitaonandiak (Elgeta, 1987). Ezohiko egoera asko egon direla dio, baina balorazio positiboa egiten du. Zortzi urte alkatetzan nahikoa direla iritzita eta egindako lanarekin pozik, maiatzean utzi nahi du kargua Lazkanok. Bidean lagun izan dituenen lana azpimarratu du.

Ze ezaugarri izan ditu agintaldiak?

Aurrekoa moduan, Udalaren egoera ekonomikoak baldintzatu du, neurri handi batean. Kalte-ordainak ordaintzen jarraitu behar izan dugu. Gero, bi mugarri esanguratsu izan ditu, nire ustez: alde batetik, Zaldibarko hondamendia, emergentzia egoeran sartu gintuelako; eta, bestetik, pandemia izan delako.

Bete dira agintaldiko helburuak?

Orokorrean, bai, eta bete ez direnak bideratuta daude. Helburu nagusietako bat zen Udalaren egoera ekonomikoa onbideratzea, eta, poliki-poliki, kalte-ordainak ordaintzen joan gara. Hala, geneukan egoerari buelta eman, eta oso-oso zor txikiarekin utziko dugu Udala; banketxeekin 300.000 bat euroko zorra, aparejadore ohiaren kalte-ordaina guztiz ordainduta eta istripuarena ia-ia ordainduta. Geunden zulotik irteten goazela ikusten dut nik, ez "behea jota", eta orain, beste dimentsio bateko proiektuak egiteko aukera izango da. Bidean lagun izan ditudanek egindako lana azpimarratu nahiko nuke.

Zeintzuk izan dira proiektu izarrak?

Proiektu asko zentratu dira gaur egun ditugun instalazioen hobekuntzan, eta uste dut salto handia eman dugula bai kiroldegian bai eskolan. Eskolan erabilgarri ez zeuden espazio asko jarri ditugu erabilgarri, eta estalpeko jolasguneak ere badaude orain. Kiroldegiari dagokionez, aldagelak eta leihoak berritu egin ditugu, eta margotu ere egin dugu. Efizientzia energetikoaren alorrean ere hobekuntza nabarmenak egin ditugu. Gehituko nituzke skate parkea berritzeko egindako apustua, argiteria publikoa LED sistemara aldatzeko inbertsioa, eguzki plakak jartzeko ahalegina, herriko jolas-parkeetan egindako hobekuntzak eta kafe antzokian eta museoan egindako argiteria aldaketa eta margotze lanak.

Arantzarik geratu zaizu?

Bai, noski! Hainbeste gauza ikusten ditut egiteko! Alkate izan naizen urteetan 1.300.000 euro ordaindu ditugu kalte-ordainetan, eta beharrezkoa izan da genuen diruarekin lehentasunak ondo finkatzea, eta uste dut asmatu egin dugula. Arantzak? Ba, kalte-ordainak guztiz ordainduta ez lagatzea, kultura etxea birgaitzeko proiektua egiteke uztea, udaletxeak berritze integrala behar du, kiroldegiko bigarren solairua ez dut alkate naizela eginda ikusiko... Gero, oso interesgarria da eskolak jangelarako sukaldea edukitzea. Guraso elkartea hasita dago lanean eta prest agertu gara laguntzeko.

Agintaldi honetan zelakoa izan da harremana oposizioarekin?

Ez da txarra izan, neurri batean, ez dugulako harreman handirik eduki. Uste dut oposizioaren lana ez dela lana izan. Gutxi gorabehera, hamar batzordetik lautan egon da oposizioko zinegotziren bat. Uste dut herriarekiko ezjakintasuna handia eduki dutela eta ez direla inplikatu. Proposamenak egiterakoan ere ez dute asmatu, nire ustez. Buruan dut agintaldi honetako lehen elurtea. Dezentekoa izan zen, eta kolapso egoerak ere izan ziren. Ba, gogoan dut oposizioko bozeramailea udaletxeko arkupean GOIENAri adierazpenak egiten esateko Udal Gobernuak ez zuela ezer egiten, eta, bitartean, alkatea eta zinegotziak pala eskuan udal brigadakoei laguntzeko. Uste dut une horrek laburbiltzen duela zein izan den oposizioaren lana.

Uemako lanak eta Udalekoak ondo bateratu dituzu?

Ez dut arazorik izan. Oso lan desberdinak izanda ere, oso gustura ibili naiz bietan. Esango nuke, gainera, Ueman egotea lagungarri egin zaidala harreman berriak egiteko eta Elgetarako interesgarriak diren gai batzuetan sakontzeko.

Hasi zarete hurrengo aurrekontua prestatzen?

Kalte-ordainak neurri handi batean ordaindu izanak arnas pixka bat emango digu. Egongo dira energiarekin lotutako proiektuak, energia komunitatearekin lotutakoak, lantaldean ere indartu beharko ditugu alor batzuk...

San Roke kaleko lanak Gipuzkoako Urak-ekin batera egingo ditugu, zorua lautzearekin batera euri urak eta ur zikinak berezitu beharra badagoelako. Lanak bi fasetan egitea aurreikusten dugu. Esan bezala, Gipuzkoako Urak-ekin batera ari gara proiektua lantzen. Aurreikusten dut aurten hastea eta hurrengo urtean amaitzea.

Kiroldegiari beste solairu bat egitea ere mahai gainean duzue. Azterketa sakona eginda ikusi dugu ematen duela kiroldegiak hori egiteko. Goian geldituko litzateke beheko moduko espazio bat, eta horrek ematen ditu aukera mordoxka bat. Orain, jakin behar dugu herriak zein behar dituen. Bi areto handi egin behar dira ala hobe da hainbat gela txiki egitea? Muskulazio gela bat behar da ala rokodromo bat? Herritarren eta erabiltzaileen iritzia ezagutu nahi dugu, eta asmoa da abenduan entzute-fase bat hastea.

Alkategai izango zara berriz?

Ez dut asmorik.

Politikan jarraituko duzu?

Ez dut asmorik.

Zein asmo duzu, orduan?

Lehenengo eta behin atseden hartu eta ingurukoez gozatu. Ondoren, lan bila hasiko naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak