Aintzane Oiarbide: "EH Bilduren Gobernua behea jota dago"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko urr. 25a, 10:00

Elgetako EAJko udal bozeramaile Aintzane Oiarbide.

Lau urteko agintaldia amaitzear, balorazio gazi-gozoa egiten dute jeltzaleak. Oposiziotik ilusiorik eta proiekturik gabeko Udal Gobernua ikusten du. Elgetak "aire freskoa" behar duela uste du Aintzane Oiarbidek (Errenteria, 1964) eta norabide "oso arriskutsua" hartu duela Elgetak bi agintaldiotan. Herritarrek "ilusionatuko dituen proiektua" behar dutela esan du.

Agintaldiari buruzko zein balorazio egiten duzu?

Pobrea, iluna, ilusiorik gabekoa, proiekturik gabea. Udaletxean sartzen zarenean hezetasun usaina dago geroz eta gehiago, bazter guztietan trastuak, osoko bilkuren aretoak trasteleku bat dirudi, utzikeria da nagusi. Gela batzuk ezin dira erabili, dagoen hezetasuna eta prekarietatea dela eta. Horixe da Udal Gobernuaren isla. EH Bilduren Gobernua behea jota dago. Etorkizuneko proiekturik gabe jarraitzen du, eta herritarrak geroz eta urrutiago ikusten ditut. Aire freskoa behar du Elgetak, eta herritarrak ilusionatuko dituen proiektua. Herriari dagokionez, mantentze-lan enpresa besterik ez da Udala. Bestalde, aurrekontuetan jartzen dituzten lehentasunak ere ez dituzte betetzen. Makina bat aldiz sartu dute San Roke kalea konpontzea, baina berdin jarraitzen du, okerrera eginez. Irisgarritasuna geroz eta okerragoa da, lurzorua arriskutsu dago leku askotan. Elgetako gazteak geroz eta gehiago beste herri batzuetara joaten dira. Oso norabide arriskutsua hartu du Elgetak, eta lehenbailehen buelta eman beharra dago, herri erakargarriagoa izan dadin bizimodua bertan egiteko.

Nolako harremana izan duzue Udal Gobernuarekin?

Harreman pertsonalak onak izan dira; azken batean, denak gara pertsonak, baina harreman politikoak, zenbaitetan, deserosoak izan dira, oposizio bat izatea eta kritikak mahai gaineratzea ez baitute ondo hartzen.

Oposiziotik zein gaitan eragin duzue, batez ere?

Herriko altzariak zaintze lanetan, plazako etxea errefuxiatuei lagatzean, frontoiko teilatuan eguzki panelak jartzea ere gure programako eskaera zen. Gainontzean, guk proposatutako gaiak ez dituzte aintzat hartu: industrialdearen eta enpresen egoeraren berri ez digute eman, eta ez dute hauekin harremanik ere. Gardentasuna eskatu dugu parte hartze prozesuetan, eta erantzunik ez, eta aurrekontuetan ere ez dute islarik izan jendeak eskatutakoek. Bestalde, urte zailak pasatzen ari gara pandemiarekin eta energiaren krisiarekin, eta zergak ez igotzea eskatu dugu, kontuan izanik Udalak dirua jaso duela Foru Funtsetik. Aurten, adibidez, Udalak 783 euro jasoko ditu elgetar bakoitzeko, eta, hala ere, %4ko igoera aplikatuko dute zergetan. Ekiola kooperatibaren aldeko apusturik ere ez dago guztiontzat argindarra sortzeko eta argindar hori guk kudeatzeko.

Elgetarren bizi-kalitatea hobetzeko zein proposamen egin dituzue?

Ingurumena eta bertan energia sortzearen inguruko ekimenak, garai zailetan tasak ez igotzeko eskaerak, ekonomiaren garrantziari balioa ematea.... Guk ez dugu ulertzen udalerri batek daukan motor ekonomikorik garrantzitsuenarekin batera lanik ez egitea udal batek. Nabaria da ezker abertzalearen kultura horretan enpresak jauntxoen eta jabeen negozioa besterik ez dela, eta Elgetako Udal Gobernuak ez dauka enpresengana hurbiltzeko kulturarik. Enpresetako parterik garrantzitsuena langileak dira. Langileak enpresaren parte dira. Soldatak ezinbestekoak dira, eta enpresek ordaintzen dituzten zergak ere bai, herri batek behar bezalako zerbitzuak izan ditzan. Ezerezetik ez dago ezer ateratzerik. EH Bilduren Udal Gobernuak ez du hori ulertzen.

2023ko aurrekontua lantzen dihardu Udal Gobernuak. Zein proposamen dituzue?

Guretzat garrantzitsua da garai zail hauen aurrean elgetarrak kontuan izatea eta zerbitzuak bermatzea. Pertsonak dira helburu guretzat. Garrantzitsua da aurrekontuan lehentasunak islatzea –herriaren lehentasunak– aurrekontu sendo eta erreal bat eginez. Orain arte, itxurazko aurrekontuak izan dira, gero betetzen ez dituztenak lehentasunetan. Oraindik ez dugu aurrekontuen zirriborrorik jaso.

Bide Azpiegituretako foru diputatua zara. Zinegotzi lanarekin batera- garria izan da? Ondo moldatu zara?

Ez da erraza izan. Ordu asko ematen ditut diputatu, baina beti saiatu naiz parte hartzen, batzordeetara ahal nuenean joaten eta Udalaren osoko bilkura ia guztietan hartu dut parte. Bestalde, Bide Azpiegituretako diputatu eta zinegotzi izateak Elgetaren bide azpiegituren egoeraren ezagutza handiagoa eman dit, eta, ondorioz, Foru Aldunditik ere ari naiz elgetarren bide segurtasunaren alde lanean. Bizkaiko Aldundiarekin akordioa egin dut Kanpanzar gaineko bidegurutzean ikuspen handiagoa emateko, bidegurutze hori hobetuz. Laster hasiko dira lanak. Bestalde, Elgeta eta Kanpanzar arteko bidea zabaldu egingo dugu; aurreproiektua eginda dago, eta proiektua idazten ari gara. Lan horiek ere datorren urtean egingo ditugu. Garrantzitsuak izango dira elgetarrentzat.

Zerrendaburu aurkeztuko zara hurrengo udal hauteskundeetan? Hasi zarete zerrendak prestatzen?

Zerrendaburu ez, baina alderdikideek erabaki beharreko kontua da. Oraindik ez dugu barne prozesua abian jarri, baina ari gara jendearekin lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak