Karmele Perez: "Emakume Abertzale Batzako kideen aldarrikapen nagusia zen gizonen parean lan egitea naziogintzan"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko urr. 14a, 09:57

Karmele Perez Urraza. (Argazkia: EHUlearning)

Emakume Abertzale Batzari (EAB) eskainia izan da 2022ko Memoria Jardunaldien lehen hitzaldia. Ikerketa lana burutu duen Garaia ikertaldeko hiru kideak –Karmele Perez, Gurutze Ezkurdia eta Begoña Bilbao– izan ziren atzo Elgetan. 1922ko maiatzaren 7an sortu zen EAB. Aurten bete du mendeurrena.

Nolakoa zen gizartea 1922an?

Garai hartan hasi ziren kaleratzen emakumeen mugimenduak. Gizonen pareko eskubideak aldarrikatzen zituzten, eta baita ere alfabetatze eskubidea. Abertzaletasunari dagokionez, Irlandako emakumeen mugimenduak indar handia hartu zuen, eta handik etorritako berriak erreferentzia oso garrantiztsuak izan ziren. Bilboko gaztediak antolatuta hainbat hitzaldi izan ziren Bilbon apirilean, eta horien ondorioz sortu zen EAB maiatzaren 7an.

Emakume asko batu ziren?

Hasieran, 50 bat. Maiatzerako, 100 afiliatu ziren, eta handik gutxira, 600 bat. Kontua da urte eta erdiko ibilbidea izan zuela mugimenduak; izan ere, Primo de Riveraren diktadura etorri zen eta legez kanpo utzi zuten EAB. Isilean jarraitu zuten lanean, eta bigarren errepublikarekin egin zuen benetako eztanda mugimenduak. 1931n berragertu zen eta Hego Euskal Herri osora zabaldu zen. 1936rako, 28.000 afiliatu inguru ziren. Baina 1936an gerra piztu eta berriz ere zapaldu zuten.

Beste mugimendu asko moduan klandestinitatean egin zuen EABk ibilbide zati handi bat.

Esperantza bazuten denboraz apalduko zela diktaduraren eragina eta lanean jarraitu zuten isilean, batez ere emakumeen arteko sareak indartuz eta elkartasun mugimendua handituz. Baina bai, klandestinitatean aritu ziren diktadura guztietan gertatzen den moduan.

Zein ziren lan-lerro nagusiak?

Aldarrikapen nagusia zen gizonen pareko lan egitea naziogintzan. Ez modu berean, baina bai parean. Emakume haiek parte hartu nahi zuten nazioaren eraikuntzan, eta, horrekin batera, euskararen eta euskal kulturaren transmisioan.

Ze indar izan zuen EABk gurean?

Elgetako daturik ez dugu. Gerrak gogor jo zuen hemen, eta behin betirako galduko ziren datuak. Datu hurbilenak Bergarakoak dira, eta Bergaran mugimenduak indar handia izan zuen. Arrasaten eta Oñatin ere sortu zen EAB, baina indartsuen Bergaran. Eibarren ere bai. Han beste emakume talde batzuk ere bazeuden, eta, sarri, talka egiten zuten, erreferentzia desberdinak zituztelako, baina Eibarren ere mugimendu indartsua sortu zen.

Gizarteak gutxi daki EABri buruz.

Emakumeak eta abertzaleak. Atera kontuak! Historia ofizialak kanpo utzi ditu emakumeak, eta EABrekin berdina gertatu da. Emakumeak ez gara existitu orain arte eta EAB ere isildu izan da luzaroan. Eta garaileek egindako historiak, zer esanik ez!

Familia abertzaleetan ezagutzen da gehien; izan ere 28.000 afiliatu izaterako heldu bazen egongo ziren hainbat familiatan, auzoan, herrian... Baina gizarte mailan ere isildua izan zen. Egia da gauza hauek, askotan, beldurrez kontatu izan direla.

 

Hitzaldia, atzo, Elgetan.

 

Bergarako Emakume Abertzale Batzako kideetako batzuk. (Juste Amenabar - Intxorta 1937 kultur elkartea)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak