Hezkuntza komunitateak eraldaketarako duen gaitasuna praktikara darama Elgetako eskolak. Elikadurarekin eta energiarekin lotutako proiektuak dira adibide.
Hezkuntzak berezko duen eraldaketarako gaitasunari zein garrantzi ematen diozue eskolan bertan?
Kontziente gara eskola bezala eraldaketarako dugun gaitasunaz, eta ari gara pausoak ematen, alde horretatik. Esaterako, kontzientziazio gaitasun handia du eskolak, eta, hala, bizikidetzan, kontzientzia ekologikoan, elikadura osasuntsuan-eta dihardugu lanean. Poliki-poliki geroz eta proiektu gehiago ditugu gai horiekin lotutakoak.
"Kontziente gara eskola bezala eraldaketarako dugun gaitasunaz"
Herri txiki bateko eskola izateak zein onura ditu komunitatearekin egiten diren lanketekin lotuta?
Onura handiak. Herri txiki batekoak izateak hainbat proiektu komunitatearekin lantzea dakar. Proiektu horren parte direnean eskola, familiak, udala eta bertako kideak, beti da onerako. Harremana gertukoa da komunitateko kideekin eta komunikazioak garrantzi handia du proiektuak garatzeko orduan. Gure kasuan, komunikazio lotura handiak daude eta ideia asko partekatzen ditugu elkarlanean. Geroz eta gehiago dihardugu elkarlan hori lantzen, kanpoko komunitatearekin.
Non du abiapuntua elkarlan behar horrek?
Pandemiarekin hasi ginen elkarlan hori lantzen eta ikusi genuen onura asko ekarri zizkigula. Hori dela-eta jarraitu dugu bide horretan lanean.
"Herri txiki bateko eskola izanik, komunitatearekin dugun harremana handia da"
Badira azken urteetan landu dituzuen proiektuak, eraldaketa nahiarekin lotzen direnak. Esaterako, jangelarekin lotutako proiektua.
Eskolako jangelan betiko zerbitzua mantentzen dugu, baina bai izan dugu aldaketa hamaiketako osasungarriarekin lotuta. Joan den ikasturtean, guraso talde bat osatu zen jangelaren eraldaketaren bueltan. Eurek proposatu ziguten hamaiketako osasungarriaren proiektua. Guk, gure hezkuntza proiektuarekin bat zetorrela ikusirik, aurrera egin genuen. 2021eko azaroan jarri genuen martxan.
Zertan datza?
Ikasleek ez dute hamaiketakorik ekarri behar. Izan ere, Ereindajanetik astean hiru egunetan fruta ekartzen dute eta beste bi egunetan Iurretako baserri batetik ekartzen duten ogia jaten dute olioarekin. Modu horretan lortzen dugu, batetik, hamaiketakoa osasungarria izatea. Bestetik, ikasleen artean desberdintasunik ez izatea, eta baita zaborraren murrizketa ere. Hain zuzen ere, plastikoaren sorkuntzaren arazoari heldu nahian genbiltzan eta horrela asko murriztu dugu hondakin mota hori. Beste onura bat da sortutako hondakinekin konposta egiten dugula, eta, zer esanik ez, tokiko eta sasoiko produktuak bultzatzearen garrantzia bertako ekoizleak laguntzen ditugun bitartean. Eskola komunitatea ere indartzen du proiektuak, denon proiektua dela sentitzen baitugu.
"Hamaiketako osasungarriaren proiektuak onura asko ekarri dizkigu"
Debagoiena 2030ekin eta bailarako beste ikastetxe batzuekin batera Ikastetxe-klik proiektuan parte hartuko duzue, ikastetxeetan energia-aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzera bideratutako proiektua. Zergatik?
Proiektu oso interesgarria iruditu zitzaigun. Urtero lantzen dugu energiaren gaia Lehen Hezkuntzako geletan. Ikastetxe-klik proiektuak proposatzen duena da ikasleak parte hartzaile aktibo izatea, eta hori oso interesgarria iruditzen zaigu. Are gehiago, eskola komunitate osoak hartuko baitu parte; ikasleak, irakasleak, jantokiko begiraleak, garbitzaileak, udalak... guretzat onurak ekarriko ditu. Jakingo dugu zelan gauden energiaren arloan. Erakinak zer kontsumo maila duen, zein gabezia dagoen, zenbat bonbilla dagoen eta zenbat behar ditugun benetan, berogailuarekin berdin... Azken finean, nola murriztu dezakegun.