Alfonso Suescun: "Kanpaiak joko dituzten mazoen zain gaude"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko urr. 3a, 09:30

Alfonso Suescun erloju-konpontzailea, Elgetan. (Artxiboko irudia)

Isilik dago aspaldian kanpandorreko ordularia; hilaren 23a ezkero, orratzik ere ez du. Erloju-konpontzaile aditua den Gasteizko alfonso Suescunek dihardu berritze lanetan. Kanpoko itxura ez da aldatuko, baina sistema elektroniko batek ordezkatuko du orain arteko makineria mekaniko guztia. Udalak 7.000 euroko inbertsioa egingo du. 

Non daude kanpandorreko ordulariaren orratzak?

Gasteizko gure tailerrean. Garbitu, txukundu eta margotu egin ditugu, eta haien lekura itzuliko dira erlojuaren barruko makineria berria ipintzerakoan.

Zer gertatzen zaio ordulariari?

Orduak joarazten dituen mekanismoak huts egiten zuen, eta baita pisuak igotzen zituzten motor elektrikoek ere. Hori dela-eta, sarritan gelditzen edo atzeratzen zen. Ordulari ona da, baina urte asko ditu eta espezializatutako jarraipena eta mantentzea eskatzen ditu, eta Elgetan ez dago espezialistarik aldiro behar dituen doikuntzak egiteko. Gasteizko Murua etxean egindako erlojua da, eta 50 bat urte ditu. Hiriburuan badira martxan dauden erloju berdinak, baina guk egiten ditugu mantentze-lanak.

Zer aldatuko diozue ordulariari, orduan?

Erabiltzaileari begira, erlojua ez da aldatuko. Esfera, orratzak eta kanpai-hotsak mantendu egingo dira. Barruko sistema da aldatuko dena; orain arteko sistema mekanikoa kendu eta sistema elektroniko bat jarriko diogu. Zehaztasuna hobetu egingo da, mantentze-lanak gutxitu egingo dira eta, orain arte ez bezala, sistema programatzeko aukera izango da.

Noiz egongo da ordularia berriz ere martxan?

Gutxienez beste zazpi bat egun kalkulatu behar dira. Ordulari mota honekin gertatzen dena da bakoitza bakarra dela eta piezak enkarguz eskatu behar izaten dira. Kasu honetan, kanpaiak jotzen dituzten elektromazoen zain gaude. Kantabriako Hermanos Portilla artisau-etxeari eskatuta daude. Abel Portilla maisu galdatzailea ari da lan horrekin. Lehen mailako espezialista da, baina bere denbora behar duen lana da.

Kanpandorretik zintzilik lanak egiteko

Suescun anaiek egin dizkiote orain arteko mantentze-lanak kanpandorreko ordulariari, beti ere udal brigadako langileen aldiroko doitze lanekin. Orratzik gabe dago egunotan ordularia, baina laster itzuliko dira bere lekura. Kentzekoa den sistema mekanikoari dagokionean kanpandorrean egon da beti, eta erretiratutakoan ikusgai jarri nahi du Udalak. Ikusgarriak izan ziren orratzak kentzeko lanak.
 

Orratzak kentzeko lanak, aurreko barikuan. (Argazkia: Luis Atorrasagasti)

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak