Euskaraldia badator eta herri mailako argazkia ateratzeko dei egin du batzordeak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko ira. 19a, 09:00

'Ahobizi' eta 'belarriprest' Elgetan.

2018an eta 2020an bezala, belarriprest eta ahobizi portaerak hartu behar direla ekarri du gogora Euskaraldia batzordeak. Eguaztenean egin zuten uda osteko lehenengo batzarra, eta hilaren 24ko argazkian parte hartzeko gonbidapena egin dute.

Berritzailea izan zen 2018ko Euskaraldia, eta mundu mailako pandemia baten erdian egin zen 2020koa. Ahozko hizkuntza-ohituretan eragitea helburu duen ariketa sozialaren hirugarren aldia ate joka dator, eta bi hilabete besterik ez da falta; izan ere, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da. Hitzez ekiteko garaia lelopean izango da.

Elgetako Euskaraldia batzordeak eguaztenean egin zuen udako etenaldiaren osteko lehenengo batzarra. Orain bai, martxa hartu beharra dago, eta, hasteko eta behin, bi deialdi zehatz egin dituzte: lehenengo, Euskaraldian izena ematea garrantzitsua dela azpimarratzeko herri mailako talde argazkia ateratzea proposatu dute. Hilaren 24an izango da, 19:15ean, Mendizaleen Plazan. "Nahi genuke jende multzoa pilatzea argazkian. Beraz, apuntatu agendan", azaldu dute. Batzordetik gaineratu dute Goibeko Euskaltzaleen Topagunetik, eta jai giroa sortzeko, tortilla lehiaketa antolatu dutela. "Egun horretan bertan egingo dute, 18.00etan hasita. Argazkia aterako da, epaimahaiko kideek saritua erabakitzen duten bitartean".

Argazkia atera eta lau egunera, hilaren 28an, zabalduko da norbanakoen izen-ematea Euskaraldirako. Ahobizi edo belarriprest izatea daude aukeran.

Rolak ondo ulertu

Euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako hiztunendako ariketa da Euskaraldia. Rolei dagokienez, gakoa jokaeran dago, ez gaitasunean. Antolakuntza orokorretik jakinarazi dute Euskaraldian lehen aldiz parte hartuko dutenek soilik eman behar dutela izena hirugarren edizio honetan. Hau da, aurreko edizioetan izena emandakoek mezu bat jasoko dute, eta parte-hartzea berrestearekin nahikoa izango da haiendako.

Garrantzitsua da jakitea txapak aurten berriak izango direla. "Diseinua aldatu egin da eta aurtengoak koloretakoak izango dira". Urriaren 24ko astean helduko dira txapa berriak herrira eta orduan zehaztuko du Euskaraldia batzordeak noiz eta non egingo den banaketa; betiere, urriaren 24a eta azaroaren 17a bitartean.

2018ko Euskaraldian 220 ahobizi eta 42 belarriprest izan ziren Elgetan. Pandemia sasoian egindako 2020ko Euskaraldian, berriz, 173 ahobizi eta 27 belarriprest.

Ariguneak indartu

Norbanakoen izen-ematea hilaren 28an zabalduko da, baina ariguneak eratu nahi dituzten entitateendako maiatzaren 16ko astean ireki zen. Elgetako Euskaraldia batzordea asteotan jarriko da harremanetan aurreko Euskaraldian izena eman zuten Elgetako hemeretzi entitateekin. Idatzi bat helduko zaie ariketa sozialean berriz ere izena emateko zer egin behar duten azalduz.

Elgetako Euskaraldia batzordetik gogorarazi dute ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak direla, belarriprest-ez eta ahobizi-z osatuak. Bi arigune mota daude: taldeek sortutakoak edo entitateak eta herritarrak harremanetan egoteko espazioetan edo dinamiketan sortzen direnak.

Ikusgarritasuna kalean

Ariketa ondo egitea garrantzitsua da, eta euskarak kaleko presentzia berreskuratzea ere bai. Hori horrela, Euskaraldia batzordea kaleko ekintzak prestatzen ari da. Euskaraldiko materiala eta Euskaraldiko banderak erosteko aukera izango da herrian, eta antolatu ahala ezagutzera emango diren ekintzak ere izango dira.

Hurrengo batzar irekia

Hilaren 24ko kale agerraldiaren ostean elkartuko da berriz Elgetako Euskaraldia batzordea antolaketa lanetan aurrera egiteko. Batzar irekia izango da, 18:30ean, Ozkarbi elkartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak