128 ikasle izango ditu ikasturte honetan Elgetako Herri Eskolak

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko ira. 8a, 15:31

Gaur izan da ikasturteko lehen eskola eguna neska-mutiko gehienendako. Zarata eta zalaparta izan da eskola atarian; ikaskide guztiekin berriz topa egin, eta aspaldian ikusi gabeko maisu-maistrekin berriz elkartzeko eguna. Aurten, gainera, COVID neurri murriztailerik gabe hasi da ikasturtea, eta hori asko da.

Bi hilabete pasatxoko oporren ostean, gaur izan dute ikasturteko lehen eskola eguna Elgetako Herri Eskolako ikasleek. Zuzendaritzak azaldu du 128 ikasle izango dituela ikastetxeak 2022-2023ko ikasturtean; aurrekoan baino lau gehiago. Irakasle taldea, berriz, hemezortzi lagunek osatuko dute. "Maila bakoitzak bere gela izango du. Haur Hezkuntzan lau talde eta Lehen Hezkuntzan sei", zehaztu dute. Gaur, eguena, goizeko jardunaldia izan dute. Bihar jaieguna da, eta astelehenean hasiko dira goizeko eta arratsaldeko jardunaldiarekin.

Ikasturte hasierako guraso bilerei dagokienez, martxan dira dagoeneko. Atzo, eguaztenean egin zuten 2 urteko gelako gurasoena, eta gainerakoak hilaren 20ra bitartean egingo dituzte.

2 urteko gelan hamalau ume

Lehen eskolaratzeak hamalau izango dira aurten. Haur horiek astelehenean hasiko dira egokitzapen prozesuarekin eta urriaren 3an hasiko dira ohiko jardunaldiarekin.

COVID protokolorik gabe

Aurreko bi urteetako kontingentzia planik gabe hasi dute ikasturtea ikastetxe guztietan. "Albiste oso ona da. Pandemia aurreko jarduerak berreskuratuko ditugu: taldeen arteko ekintzak, jolastokian denok elkarrekin egoteko aukera... Hori bai, Osasun Sailaren eta Hezkuntza Departamentuaren gomendioak jaso ditugu eta eskola komunitatean zabaldu ditugu". Proposatutako neurrien artean dira, besteak beste, espazioak aireztatzea, txertaketa gomendioak jarraitzea edo eskuak garbitzea eta arnas higienea zaintzea.

LOMLOE legearen ezarpenaren zein Hezkuntza Lege berriaren ikasturtea izango da honako hau. "Aurreko ikasturteetan emandako pausoak norabide berean badoaz ere, aldaketak inplementatzen joango dira. Irakasleek formakuntza jasoko dute, eta familiak informatuz joango gara".

Abuztuan lanak eskolan

Udalak hainbat lan egin ditu abuztuan ikastetxean. "Lau ikasgela, irakasleen gela eta beheko solairuan bi horma margotu dituzte. Beharra zegoen lehenengo solairuko gelak margotzeko. Bestalde, Haur Hezkuntzako jolastokian biltegi bat egin dute, materiala gordetzeko espazio falta baikenuen. Emaitzarekin oso gustura gaude".

Haur Eskolan hiru erabiltzaile

Haur Eskolak atzo, eguaztena, zabaldu zituen ateak erabiltzaileendako. "Hiru familiak eman dute izena, eta bi hezitzaile gaude", azaldu du Laura Martinek. "Edozein momentutan etor daiteke haur eskolara informazioa eskatzera eta matrikulatzera. Hori bai, haurra hasteko data baino hamar egun lehenago, gutxienez, eta hilabete bat lehenago, gehienez".

Ludoteka eta musika eskolak

Eskolaz kanpoko jarduerak ere hasita daude poliki-poliki martxa hartzen. Ludoteka zerbitzuak astelehenean zabalduko ditu ateak, eta aste honetan ireki da izen-ematea. Aplikagarriak diren hobariak kontuan hartu gabe, ikasturteko kuota 280 eurokoa da, eta hilekoa 40 eurokoa. Ikasturte honetan aukera egongo da bost eguneko bonuak erosteko. Prezioa 20 euro da. Nerea Villak jarraituko du ludotekako hezitzaile lanetan, eta, aurreko ikasturteetan moduan, haurrak eskolatik jasotzeko aukera emango du zerbitzuak.

Lorea Larrañagaren musika eskolei dagokienez, hasita daude atzotik. Udal kirol zerbitzuetan, berriz, ate irekiak egingo dituzte iraileko azken astean. Etor Garatek jarraituko du monitore lanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak