Lorenzo Askasibar eskultore elgetarra hil da

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 18a, 15:55
(Argazkia: Miguel Angel Elkoroberezibar)

Atzo hil zen Gasteizen Lorenzo Askasibar Arana eskultore figuratiboa, 91 urterekin. Elgetarra sortzez, gai, trataera eta material ugariko 700 artelan baino gehiago egin zituen bere artista ibilbidean; omenaldia egin zioten duela urtebete jaioterrian. Eguaztenean egingo diote azken agurra Gasteizko San Mateo parrokian. 

Atzo zendu zen Gasteizen Lorenzo Askasibar Arana eskultore figuratibo elgetarra. 1930ean Jalotzan sortua, gazterik hasi zuen bere artista ibilbidea; 16 urterekin hasi zen marrazketa eta zura lantzen, eta urratsez urrats, gai, trataera eta material ugariko 700 artelan baino gehiago egin ditu bere ibilbidean, bai Euskal Herrian, eta baita atzerrian ere. Besteak beste, Bergarako San Pedro elizako Pietatea egin zuen 1957an.

2021eko ekainean omendu zuten jaioterrian Elgetako Udalak, senideek eta lagunek, eta bertan aurkeztu zuten Miguel Angel Elkoroberezibar ikertzaile eta idazle bergararrak idatzitako L. Ascasibar. Eskultore baten testigantza liburua. Idazlearen hitzetan, "euskal eskultura figuratiboko adierazle gorenetakoa" zen elgetarra, "Higinio Basterra handiaren garaiko klasikoen artean azkena".

Hileta meza, eguaztenean

Gaur eta bihar egongo da irekita beilatokia –Gasteizko Albia tanatorioa–, eta eguaztenean, uztailak 20, emango zaio azken agurra. Gasteizko Gorbeia kaleko San Mateo parrokian izango da hileta meza, arratsaldeko 19:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak