Ogi mota ugari ditu salgai Elgetan Bea Bouzasek

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko uzt. 15a, 09:14

Ugari dendako Bea Bouzas eguazten goizean, bertan daukan ogi eskaintza apaletan jarri berri.

Duela hamabost urte hartu zuen Ugari dendaren ardura Bea Bouzas elgetarrak, eta ordutik asko aldatu da bertako ogi eskaintza. Gaur egun, egunero 25 ogi klase izaten ditu aukeran eta bezeroek eskertzen dute eskaintza hori herrian bertan izatea.

Ogi-barra normalak kontuan hartu gabe, hogeita bost ogi desberdinen eskaintza izaten du egunero Bea Bouzas elgetarrak Ugari dendan. Bertan frutak, berdurak, jogurtak, bestelako askotariko jakiak, etxerako produktuak eta egunerokoan behar izaten diren hainbat gauza saltzen ditu, baina azken urteetan gorakada itzela izan du hainbat ogi klaseren eskaintzak.

25 ogi klase egunero

Duela hamabost urte hartu zuen negozioa Bouzasek eta hasieran bi obradorerekin egiten zuen lan. "Ogiei dagokienez, hau hartu nuenean Arrasateko batzuen eta hemengo Altube baserrikoen ogiak saltzen nituen. Altubekoak gero erretiratu egin ziren", dio. Eta poliki-poliki beste batzuk gehitzen joan direla gaineratu du: "Gero, Atxondokoak etorri zitzaizkidan galdezka ea eurenak ere salduko nituen. Pandemia pasatzen zegoela, Panarra obradorekoa ere etorri zitzaidan galdetzen ea ekarri ahal zituen ogiak, eta baietz esan nion; aukera eman nien eta horrela hasi ginen. Aste Santuan Bergarako Mizpildikoek erretiroa hartu zuten eta Eibarko Zubizarretakoak etorri zitzaizkidan esaten ea Mizpildiko lekua utziko nien, eta haiei ere probatzeko esan nien, eta pozik daude". Nahiz eta aitortu duen oraindik ez duela lortu ekartzea Bergarakoek egiten zuten moduko zopakorik.

Arrasateko Berogiko ogiak ere izaten ditu dendan; guztira, egunero ogiz betetako bost banasta inguru jasotzen ditu.

Eta askotariko eskaintza dauka: moldekoak, zuriak, integralak, espeltadunak, zerealenak, baserriko hainbat eratako ogiak –askotariko zerealdunak, zuriak, integralak, ogi biribilak, baserriko txikiak, bolloak...–, txapatak, barra normalak, artisauenak, kandeala edo sobaoa, gailegoa, bastoia... Bouzasek dio bezero gehienek normalean ogi klase bera hartzen dutela egunero, nahiz eta badauden tarteka beste batzuk probatzen dituztenak ere. Eta eguaztenean, esaterako, 35 zeuzkan enkargatuta.

Domeketan hartzen du atseden, eta, horregatik, zapatuetan bereziki baserriko opilak saltzen dituela dio, hala bezeroek hobeto kontserbatzen den ogia izan dezaten domeketan. Eta hauxe gaineratu du: "Elgetan ogi asko jaten da. Herri txikia da eta horrelako ogi eskaintza izatea ez da normalena izaten, baina ni pozik nago". Eta hari galdetuta zein nahiago duen, dio askotariko zerealduna gustatzen zaiola gehien eta artoarena ere "oso ona" egoten dela, nahiz eta garai honetan azken hori ez duten egiten.

Askotariko prezioak

Aukera ugari izanda, prezioak ere halakoak dira. "Merkeenak bolloak dira, 90 zentimo balio dute; barra merkeenak, berriz, 1,35 euro; eta garestiena da 4 euroko espeltaduna. 3,60 euro balio duen askotariko zerealdunak ere izaten ditugu... Normalean, jendeak ogi ona nahi izaten du, ama orea duena", azaldu du Bouzasek.

Opil gozoak ere bai

Croissantak, palmerak, napolitanak... ere izaten ditu. Baita txorizoa barruan daramaten ogitxoak –Elgetan garipaua deiturikoak– eta atunez edo haragiz betetako enpanadak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak