82 ume hartuko dituzte aurten udaleku irekiek

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko eka. 24a, 18:31

Udalekuetako amaiera festa, duela hiru urte.

Astelehenean zabalduko ditu ateak udaleku zerbitzuak, eta lau astez jokoak, lagunarteko irteerak eta askotariko eskulan tailerrak izango dituzte Elgetako gaztetxoenek. Pandemia urteetako mugak lausotu egingo dira, zorionez.

Aurreko bi urteetan zerbitzua eman bada ere, mugatua izan da. Osasun egoera orokorrak hobera eginda, nolabaiteko normaltasunera itzuliko dira Elgetan ere udaleku irekiak. Zerbitzuak astelehenean, ekainak 27, zabalduko ditu ateak, eta lau astez egongo da martxan. Tarte horretan 82 neska-mutiko igaroko dira bertatik; guztiak, 2008tik 2018ra jaiotakoak.

Bost talde, sei hezitzaile

Sei hezitzaile izango dira aurten, guztiak emakumezkoak: Nerea Villa, Uxue Larrea, Paula Palacios, Amaia Otxoa, Sara Ugarteburu eta Maitena Mañarikua. Seien artean gidatuko dute lau asteko eskaintza eta adinaren arabera bost taldetan antolatu dituzte umeak. Txikienak –2, 3 eta 4 urte– sugandillak izango dira, 5 urtekoak loritoak izango dira, LH-1ekoak tximuak, LH-2 eta LH-3koak zebrak eta LH-4, LH-5 eta LH-6ko umeak lehoien taldea izango da.

Harrera-gunea, eskola

Herri Eskola izango da udalekuetako egoitza nagusia, baina hezitzaileek nabarmendu dute kanpo ekintzak izango direla nagusi aurten ere udalekuetan. Eguraldiak laguntzen ez duen egunetan, kiroldegia, frontoi zaharra eta pilotalekua ere erabilgarri izango dituzte. Gainerakoan, espazio irekiak eta herriko parkeak erabiliko dituzte ekintzak burutzeko.

Udalekuetako gaia, 'oihana'

Udalekuek gai konkretu bat izan ohi dute oinarri urtero. "Aurtengo udalekuetan landuko den gaia oihana izango da. Oihaneko animaliak ezagutzeaz gain, ekosistema horrek duen garrantziaz jabetuko gara. Gure ingurunearekin lotuta ekintzak sortuko ditugu, era berean, kirola eta bizitza osasuntsua bultzatuz. Talde bakoitzak animalia bat izango du ikur. Eta mozorroak egingo ditugu azken eguneko festarako", azaldu dute Elgetako hezitzaileek.

Aniztasuna, parekidetasuna, kooperazioa, bizikidetza, autonomia eta sormena dira landuko diren balioetako batzuk; betiere, euskara ardatz hartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak