Normaltasunarekin batera itzuliko da Ferixa Nagusiko jaietako Herri Eguna ere. Beti bezala, Arrasateko gaiteroen esna deiarekin hasiko da eguna, 11:15ean.
Jaioberriei ongietorria
Festen parte da elgetar jaioberriei ongietorria egitea. Joan den urteko jaietatik hona lau ume jaio dira, eta horiei zapia jantziko diete, eta oparia eman. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, eguerdiko hamabietan.
Elgetako jarduneko alkate Ane Bilbaok azaldu duenez, normalean, gutxi gorabehera, herrian zazpi edo zortzi haur jaiotzen dira, baina "azken urteetan hamabostera" ere iritsi dira. Leku guztietan pasa den bezala, pandemiaren eraginez jaitsi egin da jaiotza-tasa. Errealitatearen parte da".
Bergarako erraldoiak Elgetan
Estreinakoz izango dira Bergarako erraldoiak aurten. Bilbaok aitortu duenez, aurretik ere bazuten Bergarako erraldoiak ekartzeko asmoa: "Begira ibili ginen eta 2020rako zen proposamen hori. Lotuta geneukan, baina, bertan behera geratu zenez, orain etorriko dira".
Bergarako erraldoien konpartsako kide da Ibon Unamuno, eta hark aurreratu du "haurrendako erraldoiek nahiz handiek" eta kilikiek animatuko dutela zapatu goiza, "dena girotu" nahi baitute, haurretatik hasi eta nagusietara arte.
Aurten ez da umeen dantzarik eta soka dantzarik izango, jaiak egingo zirela baieztatu zenean eta antolaketa lanak hasterako "berandu" zelako entseguekin asteko. Dantzen ordu bueltan hartuko dituzte erraldoiek Elgetako kaleak.
Herri bazkarirako prest
Paella erraldoia eta saiheski errea dastatzeko aukera izango du aurrez txartela erosten duen orok. Halaber, paella beganoa ere prestatuko dute. Bilbaok dioenez, pandemia aurreko jende kopuru antzerakoa biltzea aurreikusten dute bazkarian, bostehun edo seiehun pertsona inguru. Hala ere, txartelak "erritmo onean" saltzen ari direla gaineratu badu ere, aurreko urteetan ez denez egin ez dakite zehazki. Jainagak eta Narbaizak girotuko dute bazkari ostea erromeriarekin.
Elektrotxaranga gauerdira arte
Zapatu gauean ez da kontzerturik egongo, eta horren ordez, Burrunba elektrotxaranga ibiliko da kaleetan barrena gauerdira arte. Bilbaoren hitzetan, "2019ko jaien balorazioan atera zen zapatuko kontzertuan plaza hutsik egoten dela". Horregatik, beste ekintzaren bat egitea baloratu dute, eta "herritar batek proposatu zuen elektrotxaranga. Ontzat eman da, eta aukera horrekin egingo dugu saiakera aurten".