Ekainaren 30ean hasiko dira 2022ko Ferixa Nagusiko jaiak, eta asmoa da pandemia aurreko alaitasunak eta festa giroak hartzea herriko kaleak berriz. Jai batzordea lanean da, eta jarduneko alkate Ane Bilbaok aurreratu ditu lehen zertzeladak. "Jendea galdezka dago, eta baieztatu nahi dugu ohiko jaiak izango ditugula aurten. Horretarako ari gara lanean. Jai egitaraua, orokorrean, pandemia aurreko jaietakoa izango da".
Nabarmentzen diren ekitaldien artean daude domekako pilota partidak eta Bergarako Erraldoi Konpartsaren kalejira, zapatuan. "Interes handia sortu du domekako pilota jaialdiak. San Fermin Torneorako Baiko enpresaren finala jokatuko da, besteak beste. Aurreikusten da Laso pilotaria Elgetan izango dela. Final horretarako sailkatzeko aukera handiak ditu, eta sailkatuko ez balitz aurreko partida jokatuko luke". Sarrerak laster jarriko ditu salgai Baikok. "Berrehun bat Bolatokian egongo dira eskuragarri, eta gainerakoak Internet bidez. Salmenta noiz hasiko den ez dakigu oraindik. Abisua jaso bezain pronto jakinaraziko dugu", esan du Bilbaok.
Gozategi taldea plazan
Musikak lekua izango du jaietan. Gozategi taldearen emanaldia dago iragarrita bariku gauerako. "Eguenean, Burrunbazale txaranga eta Mugi Panderoa izango ditugu. Zapatuko bazkari osteko erromeria, betiko moduan, Jainagak eta Narbaizak egingo dute". Bilbaok jakinarazi du zapatu gauean ez dela aurten kontzerturik egongo. "Burrunba elektrotxaranga ibiliko da kalez kale 19:30etik gauerdira arte. 2019ko jaien osteko balorazioan atera zen zapatuko kontzertuan plaza hutsik egoten dela. Beste formula bat bilatu behar dela baloratu zen, eta herritar batek proposatu zuen elektrotxarangarena. Ontzat eman da, eta aukera horrekin egingo dugu saiakera aurten".
Herri kirolak barikuan
Berria da, baita ere, bariku goizeko herri kirolen ikuskizuna. Euskal pentatloia eskainiko dute Karmele eta Joritz Gisasolak. "Bost herri kirol ikusteko aukera izango da", azaldu du Bilbaok. Ohikoa den moduan, umeen eta erretiratuen eguna izango da barikua. Puzgarriak goiz eta arratsaldez, meza, erretiratuen eta umeen bazkariak, buruhandiak eta zezensuzkoa izango dira, besteak beste. "Erabakitzeko dago arratsaldean kale ikuskizun bat edo kuadrillen arteko jolasak izango diren. Horretan dihardugu", esan du jarduneko alkateak.
Bergarako erraldoiak zapatuan
Ohikoa den moduan, Arrasateko gaiteroen esna deiarekin hasiko da Herri Eguna. Harrera ekitaldia egingo zaie jaioberriei, eta ondotik, Bergarako erraldoien kalejira hasiko da. "Aurten ez da ez soka dantzarik ez umeen dantza ikuskizunik egongo. Jaiak egingo zirela baieztatu eta antolaketa lanekin hasi ginenerako berandu zen entseguekin hasteko", azaldu du Bilbaok. "Baina hurrengo urtean bai, asmoa da ekintza hauekin jarraitzea". Dantzen ordu horretan ibiliko dira erraldoiak. Ondoren helduko dira paella erraldoia eta saiheskia bazkaltzeko, Jainagaren eta Narbaizaren erromeria, buruhandiak eta Intxortako Lehoiek prestatutako pintxo morunoak. "Kafea, aurten, 5. mailako neska-mutikoek emango dute hurrengo ikasturteko ikas bidairako dirua ateratzeko".
Domekan azoka izango da nagusi –baserritarrak, artisauak eta ganadua–, eta Reala-Athletic partidak ere egongo dira kantxan. Umeendako marrazki lehiaketarekin eta txitxi-burruntziarekin agurtuko dira 2022ko jaiak.