Ahots eskarmentuduna, kantu eta garai berrietan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko eka. 2a, 19:01

Pantxoa Carrere musikari azkaindarrak boskote formatuan aurkeztuko du Espaloia antzokian bihar, egubakoitza, 22:30ean, argitaratu berri duen Esperantzan, bakarkako bere bigarren lana; sarrerak bost eurotan eskuragarri, Karraju dendan eta leihatilan.

53 urte dira Peio Ospitalekin taularen gainean kantuan hasi zenetik, eta gaur egun kantuan jarraitzen du lau musikari alboan dituela: Ritxi Salaberria –baxua eta kontrabaxua–; Angel Unzu –gitarra akustikoa eta elektrikoa, mandolina, eta bouzoukia–; Igor Telletxea –bateria eta perkusioak– eta Iñaki Dieguez –akordeoia, pianoa eta teklatuak–.

Ez ditu ilusioa ezta tresna duen ahotsa agortu oraindik eta kantatzen jarraitzeko gogoz dago, dagoeneko 73 urte baditu ere. "Kantua nahi dut eman herriaren zerbitzurako nire ideiak agertuaz, mundu hobeago bat eskatzeko arma ez bortitz ikaragarria da kantua. Mundu nahasi baten bizi gara, eskubide asko zango trabatua daude, esaterako, euskaldun izaeratik, zer esanik emakumeen eta gizonezkoen berdintasun alorrean, immigranteen egoerari begiratuta... Eta halako arazo askoren aurrean badut konfiantza aurrera egingo dugula; hortik dator, bada, diskoaren izenburua", azaldu du Pantxoa Carrerek.

Pantxoa Carrere, taldeko kideekin kontzertua eskaintzen. Argazkia: Baga Biga

Kolaboratzaile askorekin

Folka, tradizioa eta popa nahasten ditu Carrerek Esperantzan laneko doinuei erreparatuta, eta horien artean dira Ugo semeak sortu dizkionak. "Ondo baino hobeto ezagutzen du Ugok nire kantatzeko era, eta musikagintzan, orokorrean, duen jakintzarekin haren kutsua eman dio diskoari. Xabier Euzkitzeri eskatu nion Esperantzan kantuarentzako bertso batzuk idazteko eta gure etxean asko miresten dugun Eñaut Elorrietarekin batera abestu dut diskoan, eta bada Euzkitzerekin abestu dudan Pilota euskal jokoa izenekoa ere, orain dela 60 urte Xalbadorrek idatzi zuena".

Kolaborazio gehiago jaso ditu Azkaineko musikariak. "Sustrai Colinak idatzi ditu Ugoren beste melodia baterako hitzak eta, era berean, oso gustuko dudan Renaud Sechan frantses kantariaren bi kantu itzuli ditu. Agustin Alkat musikariaren laguntza ere izan dut eta pozik asko abestu dut Sarako abeslari gaztea den Patxi Garatekin eta baita nire seme eta alaba diren Ugo eta Naiarekin ere. Oso gogotsu nago beti hain ondo hartu nauzuen eskualdean lan berria zuzenean aurkezteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak