Elgeta, ikur garrantzitsua euskal mendizaleendako

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mai. 23a, 09:30

Hitzaldia, plazako ostatuko balkoitik, 1924ko maiatzean. (Argazkia: Antxon Bandres artxiboa)

Eguaztenean, maiatzak 18, bete ziren 98 urte Euskal Mendizale Federazioa sortu zela. Orain 98 urte Elgeta aukeratu zuten erakunde berria eratzeko, eta ekitaldiak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako milaka mendizale elkartu zituen. Batzar gehiago ere etorri ziren ondotik.

Orain dela gutxira arte, udaletxeko gela batean egon dira gordeta Euskal Mendizale Federazioaren sorrerako artxiboak. "Orduak eta orduak egin nituen gela horretan Historia testimonial del montañismo vasco liburua idazteko", azaldu du mendizale eta dibulgatzaile donostiar Antxon Iturrizak. "Gaur-gaurkoz, material hori txukun gordeta daukagu; leku egokiagoan, hezetasunetik salbu eta ondo sailkatuta", gaineratu du.

Garrantzitsua izan zen Elgeta Euskal Mendizale Federazioaren sorreran. 1920ko hamarkadan ez ziren gutxi mendizaletasunarekin lotutako elkarteak, baina nork bere bidea egiten zuen eta ez zegoen ia lankidetzarik. Antxon Bandres tolosarraren ekimenez federazio bat sortzeko ideia gorpuzten joan zen, eta 1924ko maiatzaren 18an egin zuten sorrera ekitaldia Elgetan.

Galdera izan daiteke: zergatik Elgetan? Bultzatzaileek, itxura denez, festa jendetsua egin nahi zuten, eta lau herrialdeen erdigunean egoteagatik aukeratu zuten Elgeta.

Oihartzun handiko ekitaldia

Federazioa sortzeko ekimenak atxikimendu ugari lortu zituen hasiera-hasieratik, eta Bilbotik, esaterako, tren zerbitzu bereziak antolatu zituzten. Deialdiak oihartzun zabala izan zuen garaiko hedabideetan, eta ezaguna egin zen ¡A Elgeta! ¡A Elgeta! En tren, a pie o como sea leloa.

Eguna heldutakoan jende andana elkartu zen herrian. Gehien-gehienak oinez igo ziren Eibartik, Elorriotik, Arrasatetik eta Bergaratik. Garaiko kronikek diote Felipe Zubeldia parrokoak esan zuela meza Asentzion, 11:00etan. Handik Intxortako puntara igo ziren mendizaleak, eta, azkenik, ekitaldia egin zuten plazan. Bazkaria –orduko Espaloia pasealekuko zuhaizpean– eta erromeria ere egon ziren. Lau mila parte hartzaile elkartu zirela adierazi zuten antolatzaileek.

57 mendi elkartek osatu zuten Federazioa; bizkaitarrak 29 izan ziren, gipuzkoarrak 22, arabarrak 2, nafarrak 3 eta, berezitasun modura, Bartzelonakoa bat.

Lehen estatutuak

Udaletxeko areto nagusian irakurri eta onartu zen Federazioaren lehen estatutua. Sorrerako taldeen ordezkariek aho batez onartu zuten arautegia, nahiz eta egon ziren eztabaidarako puntuak; tartean, bazkide egiteko emakumeen eskubidea. Elkarte bakoitzaren esku gelditu zen, azkenean, erabakia, eta, gehien-gehienek emakumeen parte hartzea onartzen bazuten ere, bazkide baten emazte edo alaba gisa agertzen ziren; ez zituzten bazkide modura onartzen.

Federazioa mendizaletasunarekin lotutako hainbat aldarrikapen egiteko tresna izan zen: bideak seinaleztatzea, sarbide arriskutsuko eremuetan kableak jartzea, iturriak eta babeslekuak eraikitzea, mendizaleen joan-etorriak errazteko tren zerbitzuetan hobariak aplikatzea, fonda eta jatetxeen gida argitaratzea...

Ondorengo urteetan ere behin baino gehiagotan izan zen Elgeta euskal mendizaleen topaleku. Batzarrak egiteko elkartu ziren Elgetan, 1932ko krisialdia etorri zen arte. Gerora ere, berriro berpiztu zen mendirako zaletasuna eta 1935eko eta 1936ko apirilean ere batzar jendetsuak egin ziren Elgetan. Azken hartan, hostoz egindako arku batek eman zien ongietorria mendizaleei, Ongi etorri, mendigoizaliak leloarekin. Inor gutxik imajina zezakeen heltzear zen gerra testuingurua.

Euskal Mendizale Federazioak laster beteko ditu ehun urte. Pentsatzekoa da urteurrena ez dela oharkabean pasako.

 

Mendizaleen topaketa 1935eko apirilaren 7an. (Argazkia: A. Ruiz - CD Eibar Artxiboa)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak