Arantzeta da hedapen handieneko familia izena, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko mai. 17a, 09:30
Manolo Cainzos, Elgetako udal artxiboan, Erdi Aroko dokumentuekin.

Elgetako antzinako gizartearen sustraietara hurbiltzeko saiakera da Manolo Cainzosen Elgetako sustraiak liburua. Eskura duen dokumentaziotik abiatuta idatzi du. Euskarri digitalean dago eskuragarri, doan, udal webgunean. Hainbat lagunen laguntzarekin, Elgetako historiari buruzko ipuin bat prestatzen ari dela aurreratu du Cainzosek.

Elgetako artxibategian gordetako Erdi Aroko 96 dokumentu heldu dira gaur egun arte; 1181 eta 1550 urteen artean idatzitakoak, hain zuzen. Auto sakramentatuen digitalizazioan egindako lanari gehituta material ezin interesgarriagoa aurkitu du bertan Manolo Cainzosek Elgetako sustraiak liburua idazteko. Aurretik kaleratutako Elgeta lehen eta orain eta Elgetarrak historian liburuak osatzera dator lan berria. "Liburu batek ekarri du hurrengoa. Lehenengoa idatzi nuenean konturatu nintzen bazegoela nahikoa materiala Elgetak emandako pertsonaia garrantzitsuen gaineko argitalpena egiteko, eta bigarren horrek ekarri du, besteak beste, Elgetako sustrai demografikoak, sozialak zein produktiboak jasotzen dituen hirugarren hau", azaldu du Cainzosek.

Elgetako sustraiak liburuan, gainera, ahaidetasunezko sustraiak ere aztertu ditu, eta 300 urteko historian esanguratsuenak izan diren leinu edo familia izenen behaketa egin du. "Arantzeta da mendeetan zehar Elgetan ibilbide luzeena eta zabalena izan duen familia izena. Arantzeta auzoari lotuta dago, zalantzarik gabe. Nahiko garbi ikusten da hori dokumentuetan", azpimarratu du egileak.

Hedapen handiko abizenak

Hala, Elgetan hedapen maila handienekoak izan diren abizenen zerrenda egin du, eta bakoitzaren inguruko zertzelada batzuk ematen ditu liburuan. "Istorio interesgarriak daude askoren atzean eta gehien-gehienek inguruko baserriren batean dute jatorria". Markiegitarrak, esaterako, eskribauak izan zirela ikusi du artxiboetan: "Belaunaldi bat baino gehiago izan ziren Elgetako eskribauak".

Olañeta abizenak, berriz, lotura dauka XVIII. mendean Peru inguruan izandako gertaerekin. "Elgetako bost kidek emigratu zuten Ameriketara, eta haietako bat azienda handi baten jabe egin zen, besteak beste, indigenen esplotazioaren bitartez", esan du Cainzosek. Askapen mugimendua sortu zenean, Espainiako erregearen armadan eman zuen izena, eta jeneral izatera heldu zen. Peruko erregeorde ere izendatu zuen erregeak, baina gerran hil zen, karguaren berri jakin aurretik".

 

Bilakaera produktiboa

Cainzosek garrantzi handia ematen dio sustrai produktiboen inguruan egindako lanari. Beste herri askotan bezala, iraupeneko nekazaritza egiten zen Elgetan Erdi Aro hasieran, eta poliki-poliki baserriak sortzen eta nekazaritza zein abeltzaintza garatuz joan ziren. Gariaren eta artoaren laborantza garrantzitsua izan zen. Baita ere arbiarena eta patatarena.

Manolo Cainzos: "Ipuin bat prestatzen ari gara orain"

Elgetaren historia ipuin formatuan kaleratzeko lanean dihardute orain hainbat lagunek herrian. Erronka guztiz berria da Cainzosendako, baina ez dihardu bakarrik.

 

Nolatan proiektua?

Ideia beti egon da hor, baina nik ez dakit ipuinak idazten. Azkenean, lagun askoren laguntzarekin jarri gara horretan ere, eta ipuina idatzita dago. Izar Irazabal ari da ilustrazioak egiten. Prest dagoenean kaleratuko dugu; ez dugu presarik. 

Nortzuk dira ipuinaren protagonistak?

Protagonista 10 urteko neskatila bat da, Haize izenekoa. Eskolan Elgetaren historiari buruzko lan bat egiteko eskatu diote, eta halako batean aurkitzen du nork kontatu. Hain zuzen ere, horrela abiatzen da ipuina. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak