Proiektuaren nondik norakoak eta irakurketa taldearen funtzionamendua, egutegia eta gaitegia aurkeztu zituzten atzo. "Parekidetasunari buruzko formakuntza saio bat egiten ari gara hirurok, eta ikasketa amaierako proiektua izango da hausnarketa zikloa", azaldu dute Ojangurenek eta Alfarok. Debarra den Naia Merinorekin batera gidatuko dute egitasmoa. "Udal liburutegian egindako aurkezpen batean konturatu nintzen jendea solasaldi gogoz geratu zela. Hala, hausnarketarako espazio bat zabaldu gura dugu. Bost gai aukeratu ditugu, eta nahi duguna da eztabaida edo iritzi trukaketa sustatzea", azaldu du Alfarok. "Aberasgarria izango delakoan gaude. Feminismoaren barruan iritzi eta korronte ugari daude; elkar entzutea eta errespetuzko iritzi trukaketa egitea oso eraikitzailea izan daitekeela uste dugu", gaineratu du Ojangurenek.
Antolatzaileek adierazi dute herritar guztiei zabalik dagoen ekimena dela, saioak independenteak direla eta ez dagoela zertan denetan parte hartu eta ez dela beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Zehaztu dute, bestalde, ez dela genero bereizketarik egingo. Gizonak zein emakumeak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.
Aurkezpena eta solasaldia
Antzerako egitura izango dute saio guztiek. Aukeratutako gaiaren inguruko materiala jasoko dute parte-hartzaileek aurretik –irakurgaiak, bideoak, pelikulak...–, eta saioen hasiera aurkezpen txiki bat izango da. "Sarrera moduko bat izango da; izan ere, dinamikaren muina bertaratutakoen arteko solasaldia izango da. Telegram taldea sortuko dugu eta tresna baliagarria izango da materiala elkarbanatzeko. Ez dago guztia ikusi edo irakurri beharrik izango. Norberaren erabakia izango da hori", azaldu dute.
Iritzi trukaketa bultzatzea dute helburu. "Hiru gara eta gure artean ere iritzi kontrajarriak ditugu gai askoren inguruan. Beti da aberasgarria aldamenekoaren iritzia entzutea, elkar ezagutzea, eztabaida bultzatzea... Errespetutik egindakoa bada oso interesgarria izan daitekeela uste dugu".
Maiatzetik irailera bitartean, bost saio
Saio guztiak udal liburutegian izango dira, 18:30ean.
Maiatzak 12, eguena
• Gaia: Zer da zuretzat feminismoa? Feminismoaren historiari buruzko sarrera laburra, eta gaur egun dauden korronteei buruzko dinamika.
Ondoren, iritzi trukaketa eta solasaldia.
Maiatzak 26, eguena
• Gaia: Haurrak jaio edo egin egiten dira? Genero-teoriari buruzko solasaldia eta iritzi trukaketa.
Ekainak 9, eguena
• Gaia: Emakume basatia patriarkatuan. Matristikaren
teoria eta emakume basatia gaur egungo patriarkatuan.
Irailak 14, eguaztena
• Gaia: Berdintasuna LGTBI+ mugimenduan. Iritzi trukaketa eta solasaldia.
Irailak 28, eguaztena
• Gaia: Emakumearen mugak lan-merkatuan. Iritzi trukaketa eta solasaldia.