Xabier Amurizak eta Jon Etxabek Zamorako apaiz kartzelan bizi izandakoak ekarri dituzte gogora, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko api. 29a, 10:31

Xabier Amuriza, Jon Etxabe eta Ritxi Lizartza, eguaztenean, Elgetan.

"Isiltzen direnak betirako galtzen dira", esan zuen Jon Ugartek, eta adostasun keinuak jaso zituen bueltan Espaloia antzokian elkartutako 30 bat entzuleengandik. Elgetako erresistentziak 85 urte zikloari amaiera emateko Apaiz kartzela ikus-entzunezkoa izan zen ikusgai, eguaztenean. Etxaberekin batera izan ziren antzokian Zamoran preso egondako Xabier Amuriza zein dokumentaleko zuzendari Ritxi Lizartza.

1968 eta 1976 urteen artean, Frankismo betean, apaiz talde batek ahotsa altxatzea erabaki zuen. Erregimenaren kontrako sermoiak, idatziak, gose-grebak eta itxialdiak egin zituzten  zapalkuntza eta errepresio salatzeko. Erantzun gisa, Espainiako estatuak –eliza katolikoaren onespenarekin– kartzelara bidali zituen. Zamorako espetxeko galerietako batean zabaldu zuten apaizendako izango zen presondegia.

40 bat apaiz edo fraide euskaldunek ezagutu zuten Zamorako presondegia; 30ek urtebetetik beherako kondenak bete zituzten, zortzik 8 urtera arteko zigorrak zituzten, beste hamahiruk 12 urtera artekoak, eta beste bik 20 urtetik gorakoak. Kataluniako eta Galiziako abadeak ere egon ziren preso Zamoran.

Apaiz horietako batzuen testigantzak jasotzen ditu Ritxi Lizartzak zuzendutako Apaiz kartzela ikus-entzunezkoak, eta eguaztenean izan zen ikusgai Elgetan. Testigantzetan oinarritua, lanak Vatikanoko Elizaren eta euskal apaizen artean gertaturiko gatazkaren berri ematen du, eta Elgetako ekitaldian ikus-entzunezkoa bezain interesgarria izan zen ondoren zabaldutako solasaldirako tartea; izan ere, Lizartzarekin batera izan ziren ekitaldian Zamorako presondegian gatibu egondako Xabier Amuriza eta Jon Ugarte.

Ikus-entzunezkoan ikusitakoak eta esandakoak osatu zituzten hiruren artean solasaldian. Orduko egoera politikoaren gaineko gogoetak egin zituzten, eta kontatu zuten presondegiko giroa zein izan zen: eztabaida saioak, irakurketak, torturak, ihes egiteko tunelaren prestaketa, presoen arteko elkartasuna, kontzientzia politiko baten esnatzea, ikus-entzunezkoaren grabaketa lanen inguruko anekdotak...

Preso egondako apaiz gehienek sekularizatzeko erabakia hartu zuten behin presondegitik irtendakoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak