Gertatutakoa gogoratu eta kontatzea eskatu dute Elgetako egunik beltzenetako baten urteurrenean

Txomin Madina Milikua 2022ko api. 24a, 16:26

Gaur bete dira 85 urte zazpi hilabetetako erresistentziaren ostean tropa frankistak Elgetan sartu zirela. Hori horrela, Udalak eta Intxorta 1937 elkarteak antolatutako omenaldi ekitaldian 1936 eta 1937 urteen artean hildako 33 elgetarrak izan dituzte gogoan eta aitortza egin diete frankismoaren aurkako kereiletan lanean dabiltzanei eta horretarako testigantza eman duten herritarrei. Biktimen ondorengoek ere hartu dute hitza ekitaldian, gertatutakoak gogoratzeko eta argitzen laguntzeko deia eginaz.

Zazpi hilabetez aurre egin zien erresistentzia gaindituaz, 1937ko apirilaren  24an sartu ziren Elgetan tropa frankistak; gaur 85 urte, hain zuzen ere. Eta urtero data horren bueltan egin ohi duten moduan, gaur ere ekitaldi berezia egin dute Elgetan Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatuta. 1936 eta 1937 urte artean hil zituzten 33 elgetarrak omendu dituzte bertan eta aipamen berezia egin diete baita ere frankismoaren krimenak argitzeko kereiletan testigantzak eman dituzten herritarrak . Elgetako udalbatzako bi alderdietako ordezkariak izan dira omenaldian, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza eta Kultura demokratikoaren zuzendari Ion Gambra ere.

Joseba Tapiak eta Ekiñe Casadok musikarekin girotu duten ekitaldian, Elgetako alkate Iraitz Lazkanok eta Intxorta 1937 elkarteko Julia Mongek hartu dute hasteko hitza. Duela 85 urte gertatutakoen kontaketa egin dute: “Azken hilabeteek eta Molaren erasoaldiak gogorrak izan baziren ere, Elgetako egunik beltzenetakoak iristear zeuden, apirilaren 24an eta 25ean, agintari frankistek tropei nahi zutena egiteko baimena eman baitzieten. Ugari izan ziren Elgetan lapurretak, salaketak, zigorrak, bortxaketak, eta erailketak. Elgeta erresistentziaren ikono bilakatu zen urriaren 4ko defentsagatik, eta larrutik ordaindu behar izan zuten elgetarrek”. Modu batera edo bestera,  faxismoak 1936 eta 1937 artean hildako elgetarren izenak irakurri dituzte segidan.

“Gertatutakoa ahaztu ez dadin, gure ondorengoek faxistek egindakoak ezagutu ditzaten eta  behingoz justizia egin dadin lanean diharduzuenoi, kereiletan parte hartu eta zuen testigantza eman duzuenoi, gure eskerrik beroena eman nahi dizuegu”, gaineratu dute.

Elgetako Udala, kereila jartzen lehena

Frankismoaren Krimenen Kontrako Plataformako bozeramaile Josu Ibargutxik hartu du hitza ondoren. Gogoratu du Elgetako Udala izan zela kereila batetan sartu zen lehen udala,  eta azpimarratu du frankismoak eraildakoak izan ziren 15 elgetarren senideek euren testigantzak eskaini zituztela horretarako. Kereilek bai Espainian eta baita Argentinan izandako ibilbideen nondik norakoak azaldu ditu ondoren, horien nazioartekotzeko aukeren berri eman ere.  Justizia egiteko borondate politikoa falta dela gaineratu du, eta “borrokan” jarraitzea dela egin beharrekoa: “Zuei esker, eta Elgeta bezalako udalei esker pentsatzen dugu aurrera jarraituko dugula, eta behingoz, estatua benetako justizia egitera behartuko dugula”.

Gogoratzeko eta kontatzeko senideen eskaera

Ekitaldian batu diren biktimen senideen artean, Pedro eta Pablo Ansoategiren ondorengo Jose Mari Zubierrementeria eta Andresa Iriondo Etxaberen ondorengo Jesus Mari Txurruka izan dira euren familietan izandako bizipenak jendaurrean azaldu dituztenak. Zubierrementeriak gazteek gertatutako jakitearen garrantzia azpimarratu du, baita horiek idatzita jasotzearena ere. Txurrukak, bere aldetik, memoria indibiduala galtzen denerako memoria kolektiboa osatzearen beharra nabarmendu du eta horretarako, orduan gertatu zirenen inguruko informazioa dutenak hori kontatzera animatu.

Amaiera hunkigarria

Kezka dantza taldeko kide baten aurreskuarekin eta biktimen senideek Egiaren iturria izeneko eskulturan arrosak utziaz, amaiera hunkigarria eman zaio ekitaldiari.

 

 

Erlazionatuak

Elgetan egindako omenaldi ekitaldia, iruditan

Txomin Madina Milikua 2022 api 24 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak