Udalak errefuxiatuei harrera egiteko eskainiko du Mendizaleen Plazan jabegoan duen etxebizitza

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko api. 13a, 10:21

Sei hilabeteko epealdi baterako eskainiko du Udalak Ukrainaren inbasioagatik lekualdatutako pertsonak hartzeko Eusko Jaurlaritzak indarrean duen Euskadiko Lehen Kontingentzia Planerako.

EAJ-ren proposamena aintzat hartuta errefuxiatuei harrera egiteko eskainiko du Udalak Mendizaleen Plazako etxebizitza –aurreko medikuaren etxea izandakoa–. Martxoaren 30eko ez ohiko bilkuran hartu zen erabakia.

Udalak urtarrilean eman zuen jakitera gazteendako alokairuko etxebizitza partekatua egiteko helburuarekin lanak egin zituela etxebizitza horretan.

Egitasmoarekin ados egonda ere udalbatza osatzen duten bi alderdi politikoak ez ziren ados jarri mozio bateratu bat onartzeko. EH Bilduko ordezkariek ez zuten EAJ-k aurkeztutako mozioa bere horretan onartu, eta bigarren bat jarri zuten mahai gainean. EH Bilduren mozioan "inbasioa", "Putin" eta Europar Batasunaren neurrien garrantzia esplizituki agertzea nahi zuten jeltzaleek. Udal gobernuko ordezkariek, berriz, premia duten errefuxiatuendako eskaini nahi dute etxebizitza, izan ukrainarrak edo ez.

Hainbat ñabardura tarteko, ez zen mozioa adosteko akordiorik egon. Jeltzaleen mozioak aldeko hiru boto eta kontrako sei jaso zituen; EH Bilduren mozioak aldeko sei eta kontrako hiru. Hala, etxebizitza errefuxiatuei harrera egitera bideratuko da.

Jeltzaleek eskatu zuten urtebeteko lagapena egiteko, eta ez sei hilabetekoa. EH Bilduko ordezkariek esan zuten unean uneko egoeraren arabera aztertuko dela luzapena.

Elgetako EAJ-k aurkeztutako mozioa.

Elgetako EH Bildu-k aurkeztutako mozioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak