Martin Elorza elgetarrari, 'beneragarri' izendapena

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko api. 13a, 10:10

Martin Elorza elgetarra. (Irudia: Pasiotarren Kongregazioa)

Limako arantzazu Euzko Etxeak jakinarazi berri du beneragarri izendatuko dutela azula etxeko elizgizon eta misiolari elgetarra. 1966an hil zen Elorza, Liman. Hain zuzen ere, Eliza Katolikoak zabalik du haren beatifikazio prozesua.

Elgetako Azula baserrian jaio zen Martin Elorza Legaristi, 1899ko abenduaren 30ean. 12 urte zituela sartu zen pasiotarren kongregazioak Gabirian zuen apaizgaientzako ikastetxean, eta, ordutik aurrera, Eliza Katolikoaren baitan egin zuen ibilbidea.

Elorzak beneragarri izendapena jasoko duela eman du aditzera Limako Arantzazu Euzko Etxeak. Kanonizazioaren bidean beste urrats bat da; izan ere, Eliza Katolikoak zabalik du elgetarraren beatifikazio prozesua. 2004ko urriaren 18an aurkeztu zuten kanonizazioaren kausa, Erroman.

Pasiotarren kongregazioko kidea, Peruko Amazonian misiolaria eta Peru iparraldean dagoen Moyobamba departamenduko gotzaina izan zen elgetarra. Haren biografoek diote gizarte lan sakona egin zuela Amazonian; bereziki, heziketa arloan. Kudeaketarako gaitasun berezia zuela jaso dute, eta baita baldintzarik okerrenetan ere zernahi ekintza modu eraginkorrean aurrera eramateko gaitasuna zuela. Aipamen berezia egiten dio Manolo Cainzosek Elgetarrak historian izeneko liburuan.

Elgetako kristau komunitateak behin baino gehiagotan izan du gogoan Elorza. Haren omenezko irudi bat dago Elgetako Andra Mari plazan.

Hamazazpi urte Peruko Amazonian

Gabiriako apaizgaientzako ikastetxean hasi zuen ibilbide erlijiosoa Elorzak, 1912an, eta, hamabi urte geroago, bertako zuzendari izendatu zuten. Denen moduan, garai latzak bizi izan zituen gerra urteetan, baina egokitu zitzaion, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Deustuko komentuan jarritako osasun ospitalea kudeatzea. Babesleku garrantzitsua izan zen bai sukar tifoideak jotako gaixoendako bai ihesi heldutako hainbat lagunendako.

Gerra amaituta, bi aldiz jaso zuen Probintziako Nagusi kargua, eta, denborarekin, pasiotarren Amerikako –Peru eta Kolonbia– ordezkari izendatu zuten.

1949an izendatu zuten Elorza Moyobambako eliza-prelaturako administratzaile. Departamendu oso pobrea zen, garraiobiderik gabekoa eta garatu gabeko nekazaritzatik elikatzen zena. Bertan hamazazpi urtez egindako lana goraipatzen diote Elorzari; bereziki, hezkuntza alorrean. 1954an kontsakratu zuten apezpiku.

 

Elorza, bi elizgizon lagun dituela, 1964an, Perun. (Irudia: Pasiotarren Kongregazioa) 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak