Elgetan, gaur, hainbat hitzordu Korrikarekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko api. 1a, 10:30

Maialde hoteleko Izarra Arriaran 2019ko Herri Korrikako lekukoarekin.

Dikar enpresa parean hartuko dute korrikako lekukoa elgetarrek, 11:53an. Parte hartzera animatu ditu herritarrak korrika batzordeak. 18:30erako, berriz, Herri korrika dago antolatuta, eta Elgetako 24 eragilek eskutik eskura ibiliko dute lekukoa.

2022ko Korrika ez da Elgetatik igaroko, baina Korrika batzordeko kideek hainbat proposamen egin dituzte ekimenarekin bat egiteko, eta parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

Atzo abiatu zen leloa Hitzekin duen Korrika Amurriotik, eta gaur eguerdi aldera helduko da Debagoienera. Elgetako Udalak diruz lagundutako kilometroa 233.a izango da. Bergarako Dikar enpresaren parean hartuko dute lekukoa elgetarrek, 11:53 bueltan. Elgetar guztiak daude tarte horretan Korrika egitera gonbidatuta.

Herri Korrika, 18:30ean

2019an bezala, Herri Korrika antolatu du batzordeak. 18:30ean abiatuko da, Mendizaleen plazatik, eta San Roke kalean gora joango da tipi-tapa. Kantoikuan Artekalen behera egingo du eta Katai azpitik igarota Salbador kalean gora jarraituko du. Salbador ostetik itzuliko da Herri Korrika, atzera ere, Mendizaleen plazara.

Herriko 24 eragilek baieztatu dute parte hartzea eta eskutik eskura ibiliko da lekukoa. Eragile horiek dira: Herri Eskola, erretiratuak, kontsumo taldea, guraso elkartea, Intxorta elkartea, Ozkarbi elkartea, abesbatza, emakume taldea, Goikoetxe harategia, Elkoro botika, Intxortako Ahuntzak Trail taldea, Mendi Mendia elkartea, EAJ, EH Bildu, Lola jatetxea, Ugari denda, Haizea taberna, Elgetako Udala, Herri Akademia, Piñukoku taldea, Zaldibar Argitu, Elgetan Berbetan, Goibeko Euskaltzaleen Topagunea eta Karraju denda. Ordezkari guztiak udaletxe atarian elkartuko dira 18:15ean, nork zein lekutan egon beharko duen jakiteko.

Ozkarbi elkarteak txokolate beroa eskainiko du eta Intxorta elkarteak, txorizoa. Herri Korrika amaitutakoan, mezu bat irakurriko dute plazan, eta, jarraian, triki-poteoa izango da tabernaz taberna.

Autobusa Korrikaren amaierara

Korrika apirilaren 10ean amaituko da, Donostian. Amaiera ekitaldira joateko autobusa antolatu dute Debagoienetik. 10:15ean abiatuko da, Bergaratik, eta 20:00etan izango du itzulerako ordua. Prezioa 15 euro da eta erreserba egiteko Arrasateko AEK euskaltegian eman behar da izena: 943 77 03 69 edo arrasate@aek.eus.

Korrika Txikia, hilaren 8an

Herri Eskolak antolatuta, Elgetako neska-mutikoek hilaren 8an, barikua, egingo dute Korrika Txikia. 15:00 bueltan abiatuko da, ikastetxetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak