Zer kontatzen duzu nobelan?
Nobela intimista da. Emakume bat da protagonista. Irakasle izan zen Zuian, eta bertara bueltatu da hogei urte geroago. Badirudi oporretan joan dela, baina egiazki zerbaiten bila joan da. Zeren bila joan den argitzen da nobelan.
Oier Zuñigaren lantaldeak Elgetan egin bezala, zuk ere egonaldi artistikoa egin duzu; kasu honetan, Zuian.
Bai, eta esperientzia oso polita izan da. Luxua da hogei egun edukitzea beste ezertan pentsatu gabe nobela bat aurrera eramateko. Gero, Arabako txoko hori ezagutzeko aukera izan dut. Hainbat herritxok osatzen dute Zuia –Lukiano, Murgia, Gillerna...– eta guztietan izan naiz. Donostian bizi den zarauztar batendako kontrastea handia da. Toki oso-oso berdea ezagutu dut. Dentsitate txikiko lekua da, eta beste erritmo batera bizi da jendea, baina denbora oparitu didate, eta zoragarria izan da.
Informazio bilketa lan handia egin duzu nobela idazteko?
Ba, azkenean, 30-40 elkarrizketa egin ditut Zuian, eta bertako txoko asko ezagutu ditut. Lan pixka bat eman dut, bai. Hamar eguneko bi egonaldi egin nituen; horrela antolatzea erabaki nuen. Lehen egonaldian, informazio orokorra bildu nuen. Donostiara itzuli eta zer egin nahi nuen argi edukita itzuli nintzen informazio gehiagoren bila.
Eta zer-nolako harrera egin zizuten bertakoek?
Oso ona. Elkarrizketa asko egin ditut eta jende asko ezagutu dut. Nobela ere aurkeztu dugu. Esperientzia oso polita izan da.
Geuretik Sortuak programari buruz zer esango zenuke?
Oso interesgarria dela. Zuia ez da oso euskalduna, eta jendea euskarara gerturatzeko bide nagusietako bat kultura da.