Iluntzean egin zuten Martxoaren 8ko elkarretaratzea, atzo, Elgetan. 19:30ean hainbat herritar elkartu ziren Mendizaleen Plazan, eta bi pankarta zabaldu zituzten. Betaurreko moreak jasotzen zituen batak eta Zapaltzen gaituen sistemari sua! irakur zitekeen bestean.
Hasi eta gutxira eskola hamaika neska-mutikok hartu zuten hitza. Hainbat lelo ahozkatu zituzten: "Berdintasunean jaio gara eta bizi nahi dugu", "Txikitatik aukera, eskubide eta baldintza berdinak denontzat; etxean, eskolan", "Gaurko borroka ondorengoen hoberako bidea", "Lan baldintza, eskubide eta aukera berdinak denontzat", "Denok bizitzan aukera eta eskubide berdinak izatea", "Berdintasuna aurrera gurekin batera", "Tu, tu, tu emakumeak errespetatuta. Ea, ea, ea, matxismoa akabatzea".
Mugimendu feministak egindako aldarrikapenekin bat egiteko testua ere irakurri zuen Elgetako Emakume taldeko Iratxe Bravok.
'80 amandre' liburutegian
Elkarretaratzearen aurretik 80 amandre izeneko ipuin saioa egin zuen Dorleta Kortazar ipuin kontalari eskoriatzarrak Elgetako liburutegian. Hogei bat lagunen aurrean egin zuen, eta amona Josepina, amama Juli, amona Pilar edota Adelaren eta Ixabelen bizi-esperientziak kontatu zituen. Guztiak emakumeak eta guztiak bizitzan zehar askotariko indarkeriei aurre egin behar izan zietenak. Pasarte goxoak kontatu zituen Kortazarrek, baina baita ere oso gogorrak. Ahizpatasunaren eta ezkutuko mezuen inguruko gogoeta sakonak egin zituen ipuin bilakatuta.
Ludotekan ere lanketa berezia
Udal ludoteka zerbitzuan ere jarduera bereziak izan zituzten atzoko egunarekin. Globo lehiaketa egin zuten kolore moreko globoekin. Horma irudia eta emakume historiko zenbaiten marrazkiak ere egin zituzten.