Elikadura osasungarria eta sasoikoa sustatzeak saria izan dezake

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mar. 4a, 10:19

Umeak fruta kaxaren ondoan.

Hamaiketako osasungarriak banatzen hasi ziren azaroan eskolan. Landaola sarietarako hautagai izatea aitortza bat dela azaldu dute eskolako komunitateak eta Ereindajanek.

Elgetako eskolako Maala guraso elkarteak bultzatuta ekin diote eskolan hamaiketako osasungarriak banatzeari. "Eskolako jangela eraldatzeko prozesuan, familiendako elikadura tailerra egin genuen, eta handik irten zen ideia. Elikadura osasungarriago baten alde egite aldera, ume guztiek hamaiketako berdina izatea, osasuntsua izatea, bertako produktuen alde egitea eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea izan dira helburuak", azaldu du guraso elkar-teko Ikuska Lizarraldek.

Proposamena gainerako gurasoen artean zabaldu, eta ondoren eskolako kontseilura eraman zuten. Eskolako organo gorenak baiezkoa eman zuen, eta azaroaz geroztik ari dira hamaiketako osasungarria banatzen eskolan.

Ogia eta fruta

Eskolako familia bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilero –ume bakoitzeko 6 euro–. "Oraindik ez gara hasi kuotak kobratzen; asmoa da hiru hiletik behin egitea. Gainera, beka dutenek Udalaren laguntza jasoko dute kuota ordaintzeko, %70ekoa", azaldu du Lizarraldek. Eskolak dituen 124 umeek jasotzen dute egunero hamaiketakoa. "HHko umeen artean gelako ekintza bat gehiago da", azaldu dute eskolako zuzendaritzako kideek. Ogia eta fruta banatzen dute: "Hasi ginen astean behin ogia jasotzen eta gainerakoetan fruta; baina, ogiak izan duen harrera ona ikusita, orain, astean bitan jasotzen dugu ogia". Kontsumo taldera ogia ekartzen duen Iurretako Patxikobaso okinak ekartzen du ogia, eta bera arduratzen da xerrak moz-eaz. Fruta, aldiz, Ereindajanek ekartzen du.

Proiektu bizia

Ereindajaneko Ainhoa Narbaizak hauxe dio: "Eskolaren partetik borondate handia egon da eta komunitateak benetan sinistu du ekimena bultzatzeko orduan". Fruta aukeratzerakoan, ekoizleen gertutasuna kontuan izaten dute: "Platanoarekin hasi ginen, baina urrunetik ekarri behar denez, utzi egin dugu; zitrikoak ekartzen ditugu Valentziatik zuzenean, sagarrak bertakoak, madariak eskualdean ez badaude Nafarroatik ekartzen ditugu...". Gaineratu du alergia kontuak direla-eta asko zaindu behar dutela ze fruta eskaini.

Ogiarekin olioaz gain, gazta, marmelada eta bestelakoak eskaintzea aztertzen ari dira.

Lizarraldek nabarmendu nahi du talde irekia dela eta gurasoen proposamenak entzuteko prest daudela

Landaola sariak gaur banatuko dituzte

Landaola federazioak bosgarren Landaola sariak banatuko ditu gaur, egubakoitza, Azpeitian –12:00etan–. Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkarteak banatzen ditu Landaola sariak, eta horren barruan daude Gipuzkoako sei landa garapen elkarte; horien artean, Deba Garaia. Erakunde publikoen multzoan –beste bost proiekturekin batera– hautagai da Elgetako eskolak Ereindajan elkartearekin batera abian jarritako proiektua. Ekimenaren helburua hartu dute kontuan hautagaitza izendatzerakoan. Erakunde pribatuaren sarirako hautagaien artean dago, beste bostekin batera, Arrasateko Ainara Abasoloren Irrika Gluten free bakery proiektua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak