Lehenengo urtea izanik dena dago egiteko, eta buru-belarri ekin diote joskintza lanetarako prest agertu diren boluntarioak. Udalak lagatako buztin gelan prestatu dute aldi baterako tailerra, eta ia egunero egoten da bateren bat jantziren bat prestatzen ez bada osagairen bat nola lortu asmatzen.
Hartza egitea zen garrantzitsuena, eta hori izan da lehenengo egitekoa. Ez da langintza erraza ardi-larrua jostea, eta komeria batzuk ibili dituzte larrua ondo josten asmatu bitartean. Baina lortu dute, eta prest dago jantzi dotorea.
Hasieratik zegoen argi, baita ere, Sasi-kartia deituriko pertsonaia konpartsan izango zela. Gorputza landarediaz estalita ibiliko da aurrera eta atzera, zein zuhaixka ibiltari. Mamarruak ere egongo dira; bi, hain zuzen ere. Segizioari bidea zabaltzen joango dira zakuzko oihalekin egindako jantziekin. Eta azken uneko erabakia izan da gutxienez Burburixo pare bat ere egitea. Ardi-larruzko jantzia, zintzarriak, landarez hornitutako kapela eta hiru puntako sardea eramango dituzte.
Lan handia dago mozorro hauen guztien prestaketan, eta gogoz aritu dira Iratxe Bravo, Arantxa Arrastia, Mireia Berriozabal, Ana Gillegi, Olga Fernandez eta Ana Royuela, besteak beste. "Pertsonaia batzuk hasieratik egotea nahi genuen eta lortuko dugu. Eskerrik asko jostun taldeari", azaldu dute Goibeko elkartetik.
Baserriak lotzen
Otsailaren 19an baserriz baserri ibiliko den kokoen konpartsak zein ibilbide egingo duen guztiz zehaztu barik dago oraindik, baina badoa forma hartzen. "Aurten, Gudarien Bidetik gora dauden baserrien txanda izango da, goi aldekoena", azaldu dute antolatzaileek. "Hasi gara baiezkoak jasotzen: Albitxu, Altube, Arantzeta, Eguarbitza, Iturbe, Barrenengua, Larrain... Baiezkoa ematen dutenetara joango gara, eta uzta ona opatuko diegu kantuz".
Ibilbidea erabaki eta gutxi gorabeherako ordutegi batzuk zehaztea ez da lehenengo urtean erraza izango, baina ahalegin horretan dihardute. Otsailaren 19an, 08:00etan elkartuko da konpartsa Ozkarbi elkartean. Gosaldu eta 9:00ak alderako abiatuko dira Uriarte aldera. Eskerako koplak ere prest dira:
Koko-moko, zaria bete moko. Gibel, gibel, afarittarako. Dirua baneuka, patrikarako.
Hala, hala, hauxe karnabala! Goazen, goazen gosetu ein ga- rala. Hau etxiau luze gorde daixala!
Hiru mila euroko inbertsioa
Goibeko Euskaltzaleen Topagunetik aurreikusten dute ekimenak 3.000 euro inguruko inbertsioa suposatuko duela. "Hau dena posible egiteko behar beharrezkoak zaizkigu Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko bazkideak eta kuotak. Koko-batzeak boluntario lan handia du eta eskerrak! Hala ere, eta hasierako kalkuluak handiagoak baziren ere, 3.000 euro inguruko inbertsioa ikusten dugu: ardi-larruak erosi, jantziak egiteko materialak, edalontziak, disfraz elementu batzuk, jan-edanak, soinu eta panderoa, elektrotxaranga herri guztiarendako arratsaldean... Udalak lagundu du heren bat, baina beste guztia bazkideoi eskerrak izango da posible", azaldu du Goibekoko presidente Ainara Iribarrek.
Parte hartzeko deia
2005ean jaiotako elgetarrak izango dira aurtengo konpartsan gazteenak. Hogei urtera artekoak Gorrixak izango dira, eta gainerakoak koko-beltzak. Parte hartzeko dei egin dute antolakuntzatik. "Aratusteak inperfektuak dira! Baldarrok be paper ona egiten dugu. Ganbarak astintzeko unea da. Ez utzi azken egunerako!", ohartarazi dute.
Oraindik ere egon daitezkeen zalantzak argitzeko, eta batez ere gazteei antifazak eta zapatak-estaltzekoak banatzeko batzarra izango da gaur, 19:00etan, gimnasioan. Ordu erdiko kontua izango dela azaldu dute.