Gaur egitekoa den ipuin saioarekin estreinatuko dute 2022a Ipuinen Ordua ekimeneko kideek. Udal liburutegitik bultzatutako eta koordinatutako egitasmoa da, eta dozena bat kontu kontalari boluntarioren babesa du.
Koronabirusak baldintzatutako protokoloa moldatuz joan dira azken boladan; izan ere, beharrezkoa izan da saioen maiztasuna, antolaketa eta abar egokitzen joatea. Hiru adin tarteko umeendako saioak izan ohi dira, eta otsailetik aurrera hiruak hileko egun berean egingo dira, atzera ere.
Hogei minutuko saioak izango dira. Aurrerantzean, 17:30ean hasiko da HH3, HH4 eta HH5 geletako umeendako saioa. HH5, LH1 eta LH2koen txanda 18:10ean hasiko da; eta LH3 eta LH4ko neska-mutikoena 18:50ean.
Kontalaritza tailerra
Aurreko urteetan moduan kontalaritza tailerra egingo dute liburutegian. Kontalari boluntarioendako ez ezik interesa lukeen edozein herritarrendako da. Otsailaren 16an emango diote hasiera, eta bina orduko lau saio izango dira guztira. Amaia Elizagoien kontu kontalari nafarrak gidatuko du. Interesatuek martitzenera arteko epea dute izena emateko. Liburutegian jaso daiteke argibide gehiago.