Amaia Elizagoien 'Ameli': "Denok daukagu kontalari bat barrenean"

Larraitz Zeberio Lekuona 2022ko ots. 10a, 09:30
Amaia Elizagoien 'Ameli' ipuin kontalaria. (Dani Blanco - Argia)

Ameli, ipuinen jostune du izen artistikoa, eta bertsolaria ere bada gaztetatik. Baztandarra da Elizagoien (Oronoz-Mugairi, 1994) eta Elgetan izango da kontalaritzari buruzko formakuntza gidatzen. Otsailaren 16an egingo dute lehen saioa. Zabalik da izena emateko aukera martitzenera arte.

Zein asmorekin zatoz Elgetara?

Helburua da kontalaritzaren mundu ezezagun hau ezagutzera ematea eta ondotik kontatzeko teknika batzuk lantzea. Kontatzen ikasteko tailer bat izango da, eta nire helburua da liburutik urrunduta gaitasunak biltzea ipuinak kontatu ahal izateko. Duela pare bat urte hasi nintzen halakoetan. Hamar ordu hauetan ariketa ezberdinak landuko ditugu gaitasunak azaleratzeko eta indartzeko, eta ondotik tarte bat eskainiko diegu kontatzeko egokiak diren eta Euskal Herriko liburutegietan topatu daitezkeen zenbait libururi. Albumei ere eskainiko diegu tarte txiki bat. Gaur egun arrakasta dute, eta albumak irakurtzeko modu aunitz daude. Horien prestaketarako tarte txiki bat ere izango dugu.

Zergatik da garrantzitsua kontalaritza bultzatzea?

Kontalaritzak badu transmisioan paper oso garrantzitsu bat. Ohartzen ote gara zenbat kontalari dauden Euskal Herrian? Liburutegietan gordeta egoten garenez ez gaituzte asko ikusten. Eskoletan ere hainbat irakaslek ipuinak kontatzen dituzte. Ezinbesteko funtzioa betetzen dute gure gizartean. Etxe guztietan ditugu ipuinak, baina uste dut kontalaritzari buruz gutxi dakigula. Kontalariok kultura, hizkuntza eta gure herriaren ondarea transmititzen ditugu.

Elgetan boluntario talde batek ere badihardu horretan.

Gure herriaren oinarrietako bat herrigintza da, eta ahozkotasunetik egiten den transmisioa ezinbestekoa da. Nire ustez herria egiten duena, batez ere, hizkuntza da. Hala, herritarrek interesa erakustea egiten duten lan boluntario hori oraindik eta hobea egiteko, oso ederra iruditzen zait.

Umeek adi-adi entzuten dituzte ipuinak. Zergatik lilura hori?

Haurrek badute berezko intuizio bat akaso denok duguna baina haurtzaroan garatuago daukaguna, eta lotura dauka ahozkotasunak duen erritmoarekin. Biologiari askoz ere lotuagoa dagoen erritmoa da. Hitzen bitartez lortzen da entzulearen imajinarioa zabaltzea, bidaia kolektibo bat egitea, eta uste dut horrek sortzen duen zirrara eta horrek duen balorea indar handikoak direla oraindik ere. Beti izango da, gainera; izan ere, gizakiok behar dugu komunikatu eta zuzenean denean –aho belarrira zuzenean doanean– uste dut baduela xarma bat beste formatu batzuk akaso ez dutena.

Aditua izan behar du batek zure ikastaroan parte hartzeko?

Talde oso anitzetan eman ditut tailer hauek. Idiazabalen, esaterako, herriko gurasoak etorri ziren eta baita ere amonak. Eta baita ere inongo esperientziarik ez zuten pertsonak. Oso ederra izan; izan ere, denek daukagu kontalari bat barrenean eta denek daukagu kontatzeko ohitura, etxeko sukaldean besterik ez bada ere. Ipuinak maite dituen edonorendako lekua izango da ikastaroan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak