Elgetako EH Bilduk erantzuna eman die martitzenean EAJk ordezkariek publiko egindako adierazpenei. "Beste behin, harridura sortu digu Elgetako Udaleko ordezkari diren EAJko kideen berri prentsa bidez jasotzeak. Elgetako herriaren alde lan egiteko modu arraroa, udalean lan egin eta proposamenak elkarbanatu ordez prentsa eta propaganda erabiltzea. Batzordeak dira proposamenak egin eta eztabaidatzeko guneak, eta legealdi honetan egindako batzordeen erdietara ere ez da etorri EAJko zinegotzirik", esan dute.
Azaldu dute azken hirigintza batzordearen ondoren, azaroaren 22an, jaso zutela frontoian plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektua. "Beti bezala, batzordean gaia aztertu eta erabakitzea zen gure asmoa. EAJ ados badago proiektuarekin, gu pozik".
Tentsio altuko lerroari dagokionez ondorengoa zehaztu dute: "Behar diren bide administratiboak jarraitzeko lehen urratsa da Udalean proiektua erregistratzea. Ez da, momentuz, proiekturik aurkeztu Elgetako Udalean. Momentua iristean, emango ditugu behar diren pausuak".
EH Bildutik gaineratu dute: "Herria hobetzeko dihardugu guk lanean, ez meriturik geureganatzeko. Bide horretan, Elgetako Udalean aurkituko gaituzue".