Elgetako jeltzaleek "gardentasun falta" eta "gelditasuna" egotzi dizkiote EH Bilduko Udal Gobernuari

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko abe. 8a, 08:15

Elgetako udalbatza urrian egindako osoko bilkuran.

Frontoiko teilatuan jarri asmo den proiektu fotovoltaikoak iritzi trukaketa sutsua eragin du Udalean ordezkaritza duten bi alderdi politikoen artean. Aragoitik Bizkaia aldera igarotzekoa den goi-tentsioko linea berriak ere bai. Jeltzaleek ziurtatzen dute Udal Gobernuak ez duela informazio-batzordeetan "gardentasunez" informatzen, eta ez duela goi-tentsioko proiektu berriaren aurrean "berehala erantzuteko gaitasunik".

Jeltzaleek "gardentasun falta" eta "gelditasuna" egozten dizkiote EH Bilduren Udal Gobernuari. Herrian bertan energia ekoizteko proiektuarekin lotuta oposiziotik pozik agertu dira Udal Gobernua "jeltzaleen proposamenarekin bat datorrelako", baina salatu dute ez duela "urte osoan lantzen ari omen den proiektuari buruzko informazio bakar bat ere partekatu. Hau da gobernuaren gardentasuna?", galdetu dute.

Jeltzaleak, beste behin, kritiko agertu dira informazio-batzordeen kopuruarekin zein funtzionamenduarekin. Gogorarazi dute bederatzi informazio-batzorde daudela Elgetan "dezente handiagoak" diren herrietan hiruzpalau daudenean. "Behin eta berriz kritikatu dugu ez dutela ezertarako balio. Argi dago komeni zaienaren berri ematen digutela. Bestalde, prentsan adierazi dute 2022ko aurrekontuetan partida bat sartu dutela proiektu fotovoltaikorako, baina hori esan dutenean oraindik ez digute aurrekontuen proposamena egin".

"Gelditasuna" salatu dute

Jeltzaleek uste dute EH Bilduren Udal Gobernuak erreakzionatu duela "jeltzaleek elgetarren etxeetara bidalitako Zurekin Elgeta aldizkariaren bidez lantzen ari diren proiektuak publiko egin dituztenetik (...) Bi urte eta erdian ez du etorkizuneko proiektuen proposamen bakar bat ere egin, eta orain atzeratuta eta behartuta doaz oposizioak egindako proposamenengatik".

Ohartarazi dute oposiziotik "lanean jarraituko dutela, orain arte bezala, Udal Gobernuaren ekintza kontrolatuz –gure betebeharra den bezala– eta proposamenak eginez Elgetak etorkizuneko proiektu bat izan dezan eta horretarako gobernu askoz sendoagoa eta konprometituagoa beharko duela elgetarren benetako kezkekin".


Goi-tentsioko linea berria

Espainiako Gobernuak Aragoitik Bizkairako bidean Elgetatik igarotzea nahi duen goi-tentsioko linearekin lotuta Elgetako jeltzaileek adierazi dute premiazkoa dela alegazioak aurkeztea eta desadostasuna adieraztea "nahiz eta alegazio-epea azaroaren 15ean amaitu zen (...). Hori da EH Bilduren Udal Gobernua jokoz kanpo dagoela erakusten duen beste adibide bat. Ez da udalerriari larriki eragiten dizkioten proiektuez jabetzen (...). EH Bilduren Gobernuak berehala erantzuteko duen gaitasunean sinesten ez dugunez, guk proposamen bat bidaliko diogu Udalari alegazio horiek lehenbailehen aurkezteko", ziurtatu dute jeltzaleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak