Sare morea irudikatu dute Elgetan; ezinbestekoa indarkeria matxistari aurre egiteko

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko aza. 26a, 11:43

Aski da! zioen pankartaren atzean eta Emakumeon kontrako biolentziarik ez! lelopean elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek atzo, plazan. Herri Eskolan eta ludoteka zerbitzuan ere sentsibilizazio ekintzak egin dituzte egunotan.

Indarkeria matxista estrukturala dela salatzeko eta 2003a ezkero Euskal Herrian 112 emakume eta 11 ume hil dituela gogora ekartzeko –aurten bost hilketa izan dira– kontzentrazioa egin zuten hainbat herritarrek atzo iluntzean. Biolentzia matxista isilpeko errealitatea da kasu gehienetan; izan ere, biktimek lotsa, babesgabetasuna eta ez sinisteko beldurra sentitzen dute. Erasoa ez da inoiz jasaten duenaren erantzukizuna, erasotzailearena baizik, eta laguntza premian daudenek erabilgarri dute doakoa den telefono bidezko arreta zerbitzua, 900 84 01 11 zenbakian.

Halakoak gogora ekartzeko eta indarkeria matxistaren arazoa gizarteratzeko da Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna. Udalak deituta kontzentrazioa izan zen atzo plazan, eta herriko emakume taldeko kideen parte hartzearekin antolatu zen. Elkarretaratzera bertaratutakoek gonbidapena jaso zuten artilezko hariarekin sare morea irudikatzera. Hari horrekin elkarlotuta askotariko mezuak irakurri zituzten. Azken urteetako eta hilabeteetako datu gordinak ere entzungai izan ziren.

Eskolan ere betaurreko moreak

Herri Eskolan ere aldarrikapen eguna ez da oharkabean pasa. Ikasleen adinera egokitutako ekintzak egin dituzte, astean zehar, ipuinak eta bideoak erabilita. "Gela guztietan margotu ditugu betaurreko moreak, eta landu dugu horren esanahia. Horma-irudi erraldoia ere egin dugu betaurreko moreekin eta tratu onak adierazten dituzten irudiekin", azaldu dute zuzendaritzatik. LH-5 eta LH-6ko ikasleek eta irakasleek Ara!Gorputz taldeko kideekin hilerokoari buruzko tailerra egin zuten eguaztenean. Morea da eskolako jertsea eta kolore moreko arropekin bertaratu ziren ikasle, irakasle eta langile ugari atzo.

Ludotekan berdintasunaren txoriak

Ludotekako erabiltzaileek ere landu dute gaia. Berdintasunak indarkeria ezabatuko du esaldia oinarri hartuta apaindu zuten espazioa. Askatasunaren eta berdintasunaren txoriak egin zituzten; origami txoriak, hain zuzen ere.

Erlazionatuak

Askotariko emakumeak irudi bakarrean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021 aza 26 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak