"Musikaren munduan ikono handi bat izan beharko luke Jazinto Rivas Elgeta-k". Xabiroi aldizkariko ilustratzaile Dani Fanoren hitzak dira. Intxuzabal baserrian hazitako soinu-jolearen ibilerak jasotzen dituen Sasi artean Elgeta komiki-albuma irailean iritsi zen liburu dendetara, eta orduko aurkezpenean egindako adierazpenak dira.
Elgetan ere egingo dute ekitaldia. Domekarako iragarri dute, 18:00etan. Bertan izango dira azken bi urteotan komiki-albuma egiteko langintzan ibilitako Koldo Izagirre gidoilaria, Dani Fano ilustratzailea eta Ekaitz Agirre Garluk kolorista. "Hirurok bertaratuko gara. Guretzat oso oso garrantzitsua da komiki-albuma Elgetan aurkeztea. Non bestela? Jazintoren lekuetara itzuliko gara".
Komiki-albuma aurkezteaz gainera, lanketa prozesua zein izan den azalduko dute hiru egileek, eta jatorrizko marrazkiak ere ikusgai jarriko dituztela aurreratu dute. "Musika ere izango da. Trikitia, jakina! Eta sinatze saioa ere egingo dugu nahi duenarentzat", gaineratu du Dani Fanok.
Musika, Jainagaren eskutik
Jazinto Rivas Elgeta-k bizimodu oso gorabeheratsua izan zuen. Apenas dago haren ibileren inguruko informazio argirik. Soinu txikirako utzitako pieza errepertorioa, ordea, oso aberatsa da eta jakintza hori makina bat ikasleri transmititu zien. "Ez zeukan musikarik, baina gai zen edozein instrumenturekin entzundako pieza soinu txikiarekin ateratzeko. Hori gauza handia da", azaldu du Adolfo Jainagak. "Ikasle asko izan zituen. Horien artean daude Iñaki Garmendia Laja, Faustino Azpiazu Sakabi, Juan Garate Maltzeta... Horiengandik ikasi dugu guk. Hirugarren belaunaldia gara".
Adolfo Jainaga: "Elgeta-k sekulako gaitasuna zuen entzundakoa belarriz ateratzeko"
Jazinto Rivas Elgeta-ren piezak joko dituzu domekan?
Lau bat pieza joko ditut. Horrela eskatu didate, eta hori da nire asmoa. Tamalez, ez dakigu ziur Elgeta-k sortutakoak diren edo ez; izan ere, garai hartan soinu-joleek ez zituzten egiletza kontuak idatziz jasotzen. Horrelakoetarako txistulariek beste sentsibilitate bat izan dute, tradizioz eskolatutako jendea zelako, soinu-joleen kasuan ez moduan.
Errepertorioa handia da.
Ehunka kanta daude. Batez ere fandangoak, arin arinak eta biribilketak. Baina bestelakoak ere badaude. Joko ditut Elgeta-k bere ikasleei erakutsi izandako piezak. Guk ikasle haiengandik jaso ditugu. Ez daukat oraindik guztiz erabakita ze lau pieza izango diren. Euskal gazteak dantzan fandangoa eta Hasiera arin arina bai, adibidez.
Elgeta-k ez zekien musika idazten.
Ez. Gauza handia egin zuen piezak erakusten, baina ez zekien musika irakurtzen. Hori bai, sekulako gaitasuna zuen entzundakoa belarriz ateratzeko, eta hori meritu handia da.