Zer moduz Elgetan egindako egunak?
Lehengusuak eta familia ikusteko aprobetxatu ditut. Erretiroa hartuta nago, eta, oraindik ikerketa lanetan banabil ere, erritmoa lasaiagoa da. Madrilgo Zientzia Akademiatik eskatutako lantxoak egiten ditut orain.
Últimas noticias del universo dibulgazio liburua argitaratu zenuen ekainean.
Bigarren edizioa dugu esku artean. Ez dira gai errazak, baina denendako idazten saiatu naiz, jendeak unibertsoko kontuen inguruan gehiago jakin dezan. Gauzak modu ahalik eta ulerkorragoan azaltzeko ahalegina egin dut.
Unibertsoa; hain urrun eta hain gertu...
Andromeda galaxia da gure galaxiatik gertuen dagoena. Bien arteko distantzia bi milioi argi urtekoa da. Unibertsoko neurriak zeintzuk diren kontuan hartuta, ez da ezer. Hala ere, asko da.
Zenbat galaxia daude identifikatu- ta unibertsoan?
Ez da hori nire espezialitatea, baina, kontu honen inguruan beste ikertzaile batzuek egindako estimazioen arabera, 200.000 milioi galaxia egon daitezkeela uste da. Eta galaxia bakoitzean beste hainbeste izar daude.
Bizitza, orduan, egon daiteke?
Bai, egon daiteke, baina oso zaila da hori baieztatzea, unibertsoaren denbora eta espazio neurriak zeintzuk diren ikusita. Eta haiekin komunikazioa edukitzeko aukerarik ere ez dago, oraingoz; distantziak handiegiak dira. Pentsa jartzen garela bi lagun errepide bateko alde banatan. Nik zure izena esan eta zuk entzun orduko lau urte pasatzen dira. Eta zuk erantzuten baduzu, nik beste lau urteren buruan jasoko nuke erantzuna. Gauzak horrela, ezin da komunikaziorik egon.
Zulo beltzak aztertzen aritu zara.
Orain beteko dira bi urte M87 galaxian dagoen zulo beltz bati egindako argazkia lortu zela. Berez, ez da argazki bat, baizik eta ordenagailu batek egindako irudia radio data sistemarekin. Hala eta guztiz ere, lehenengoa da eta lorpen oso garrantzitsua da. Zulo beltzak galaxia guztietan daude. Ezagutzen ditugun kasu guztietan zulo beltz bat dago galaxia guztien erdian. Gero, txikiagoak diren zulo beltzak daude.
Meteoritoak arriskutsuak dira?
Bai eta ez. NASAk badauka meteoritoen zaintzarako programa berezia, eta egon izan dira oraingoa baino arriskualdi handiagoak. Argi eduki, dena den, meteorito handi bat guregana badator, ezer gutxi egin ahal izango dugula. Dena den, nire ustez, handiagoak dira gizakiaren jarduerek eragiten dituzten arriskuak. Gizakia bera da Lurra planetarendako arriskurik handiena.
Ilargira ere joan daiteke orain turismo bidaian...
Argi dago diru asko duenak egin dezakeela bisita espaziora. Turismoa da, eta eskaintza horrek aurrera egingo du. Aberatsen kontua da. Ikerlariendako aurrerapenik ez dago hor.
Gustura hartu duzu erretiroa?
Ez nago guztiz erretiratuta, baina erritmoa nabarmen jaitsi dut, bai. 40 bat urte egin ditut hara eta hona; Ameriketan, Alemanian, bost urte Granadan, eta gero, 29 urte katedratiko Valentzian. Pozik nago, erreleboa badudalako. Nire ikasleak gauza handiak egiten ari dira, eta hori jakiteak asko betetzen nau.